[Gomendioa] 'Gurean': animalien egoera salatuz

[Gomendioa] 'Gurean': animalien egoera salatuz Asko dira azken urteotan munduko animalien egoera latza salatu nahi izan duten dokumentalak: 'Earthlings', 'Cowspiracy', 'The Cove', 'BlackFish', 'Meet Your Mea', 'The Elephant in the Living Room'... Denak ere intentzio batekin sortuak: ikus-entzunezkoen bidez ikusleari erakustea, jateko, janzteko dibertitzeko edota esperimentatzeko esplotatuak izaten diren bizidunen bizitza tamalgarri eta penagarria. Lan horiek guztiek nazioarteko animalia askoren egoera salatzen dute; baina gurean ere bada lan bat animaliek tratu txarrak jasaten dituztela islatzen duena: Askekintzak ezkutuan grabatutako irudiak erabiliz osatu zuten 'Gurean' dokumentala. Itxialdiko egun hauetan, izaki bizidun hauek sentitzen dutena ikusteko eta bizitzeko ezin aproposagoa iruditzen zait. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gomendioa-gurean-gizartearen-ispilu/@@download/image/Screenshot_2020-04-02 Dokumentalen indarra, animalien egoera salatzeko.png
2020/04/02

Testua: Gaizka Izagirre @Gaizka_Izagirre

Asko dira azken urteotan munduko animalien egoera latza salatu nahi izan duten dokumentalak: 'Earthlings', 'Cowspiracy', 'The Cove', 'BlackFish', 'Meet Your Mea', 'The Elephant in the Living Room'... Denak ere intentzio batekin sortuak: ikus-entzunezkoen bidez ikusleari erakustea, jateko, janzteko dibertitzeko edota esperimentatzeko esplotatuak izaten diren bizidunen bizitza tamalgarri eta penagarria. Lan horiek guztiek nazioarteko animalia askoren egoera salatzen dute; baina gurean ere bada lan bat animaliek tratu txarrak jasaten dituztela islatzen duena: Askekintzak ezkutuan grabatutako irudiak erabiliz osatu zuten 'Gurean' dokumentala. Itxialdiko egun hauetan, izaki bizidun hauek sentitzen dutena ikusteko eta bizitzeko ezin aproposagoa iruditzen zait.
[Gomendioa] 'Gurean': animalien egoera salatuz

Dokumentalak hogeita hamar herritan eta esplotazio ugaritan zehar garraiatzen gaitu, animaliek festetan pairatzen duten zapalkuntza agerian uzten. Euskal Herriko festetan egiten den animalien erabileraren inguruko eztabaidari heltzeko garaia zen eta lan honi esker badirudi hala izan dela. Hori da Askekintzak lau urtetan landu duen dokumentalaren helburua; gure barrua nahastu eta kontzientzia piztea. Gaia jorratzen duen lehenengo dokumentala da, urteetako ikerketaren emaitza. Euskal Herriko festetan urtero ehunka animalia gatibatzen, esplotatzen eta erabiltzen dira. Sokamuturra, idi eta zaldi demak, ahari jokoak, zezenketak, arrantza eta ehiza txapelketak, asto lasterketak, animalia erakusketak, zaldi edo asto lasterketak eta abar. Adibideak amaiezinak dira, baina ezaugarri bat dute amankomunean: erabat bidegabeak direla.

Oso zaila egiten zait era honetako lanak ikuspegi zinematografiko-tekniko hutsetik aztertzea, helburua hain argia eta garrantzitsua izanda, intentzioarekin soilik geratzeko joera izaten dudalako. Kasu honetan hala egingo dudan arren, horrek ez du esan nahi teknikoki eskasa denik, alderantziz. Ezkutuko irudiak izan arren, irudi zainduak, txukunak eta jarraikortasun aldetik oso landuak direlako. Linas Kortaren argazki-zuzendaritza lan aparta iruditu zait zentzu horretan. Minutu guztietan garraiatzen gaituen off-ahotsak ere izugarri laguntzen du eta irauten dituen 40 minutuak ezin hobeto aprobetxatuak daude.

Baina alor hain zehatzetan murgildu gabe, dokumental formatuak eskaintzen dituen dohainak aipatu nahi nituzke. Gaur egun Internet eta sare sozialen indarra paregabea da, bidegabekeria ugari salatzeko tresna boteretsua bilakatu daitekeelako. Baina salaketa gehienak ostrazismoan galtzen direla iruditzen zait. Bertxiotu edo zabaltzen ditugu, bai; irauten dituzten segundo horiek garuna eta bihotza nahasten dizkigute, baita ere; baina hurrengo egunak berdina izaten jarraitzen du: beste irudi batzuk; eta hurrengoan beste batzuk. Horregatik iruditzen zait garrantzitsua eta interesgarria dokumental formatua erabiltzea, kasu honetan animalien egoera salatzeko. Ikus-entzunezko hauek duten indarra eraginkorragoa iruditzen zait.

Euskal Herriko zinema areto txiki eta kultur-etxeetan jende ugari bildu zen adibidez, Askekintzak grabaturiko irudi hauek ikusteko. Ezagutzen ditugu bai, askotan entzun ditugun adibideak dira, bai. Baina begiekin ikusten ditugunean, isilik eta pantaila handi batean, izaki hauen sufrimendua begietatik barrena sartzen zaigun une jakin horretan, ez al zaizu iruditzen sekulako indarra hartzen duela eta hartzaileari hobeto iristen zaiola? Niri behintzat bai.

Lehen aipaturiko Earthlings dokumentalaren adibidea izan liteke adierazgarriena. Gehiegikeria irudituko zaizue, baina 2005. urtean Shaun Monson-ek zuzendu zuen lan honek, milaka pertsonaren ikuspegia aldatzea lortu zuen. Joaquin Phoenix narratzaile zela, bertan ikusten diren irudiek halako eztanda sortu zuten, jende askoren begiak behin betiko irekiz.

Gurean lanaren azken minutuetan, ikusi ditugun irudi latz horien errepaso txiki bat eginez eta Apalatxaren Lotura pozoitsua abestiak irudiak bustitzen dituen bitartean, azken hausnarketa garrantzitsu horretan murgiltzen du ikuslea. Ikusi duguna ez dadila hor geratu. Festak gure gizartearen ispilu dira, eta festetan jada aurre egin beharreko arazo ugari baditugu ere, ezin ukatu animalien zapalkuntza bukatzea aldarrikapen horiei batu behar diegula. Gure herriak aurrerapauso ugari eman ditu historian, harrotasunez, gizarte justuago bat sortzearen alde. Orain garaia iritsi zaigu festetako animalien erabilera zalantzan jartzeko. Itxialdian gaudela, ezin aproposagoa iruditzen zait bizitza osoan zehar lau horma edota kaiola baten barruan bizi diren bizidun guzti hauen egoera zein den ezagutzeko.

 

Hemen daukazue ikusgai: