[Gomendioa] Fever Ray - "Fever Ray"

[Gomendioa] Fever Ray - "Fever Ray" Entzun "If I had a heart", ziur zuetako askok "Vikings" telesailagatik ezagutzen duzuela abesti iluna. Bada kantu horren atmosfera beldurgarri bezain dotorea gustuko baduzue, Fever Ray-k elektronika beltzez janzten ditu beste 11 abesti ere definitzeko zaila den izen bereko diskoan. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gomendioa-fever-ray-fever-ray/@@download/image/fever-foto.jpg
2020/05/11

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Entzun "If I had a heart", ziur zuetako askok "Vikings" telesailagatik ezagutzen duzuela abesti iluna. Bada kantu horren atmosfera beldurgarri bezain dotorea gustuko baduzue, Fever Ray-k elektronika beltzez janzten ditu beste 11 abesti ere definitzeko zaila den izen bereko diskoan.
[Gomendioa] Fever Ray - "Fever Ray"

Aipatu dut deskribatzeko zaila dela disko hau, ez ordea gozatzeko, inongo aurreiritzirik gabe sartzen bazara bederen bere mundu apokaliptikoan. Fever Ray-ren atzean ezkutatzen den Karin Dreijer suediarra The Knife  elektronika talde mitikotik dator.

Proiektu honek ere elektronikan du oinarria, baina ez espero elektronika dantzagarririk. Erritmoak geldoak dira oso, begia itxi eta zure burua besarkatuz egongelan pausu txikiekin dantzatzera iritsi zintezke gehienera akaso. Argi dago ez direla festarako musika, baina horrek ez du esan nahi plazerik emango ez dizunik. Erritmo geldoen horien gainetik Dreijer-en ahotsa nagusitzen da, sekulako pertsonalitatea emanez abestiei. Tekno oso geldo bat dela esan genezake, bere ahotsa sartzeko espazio ugarirekin, sintetizadore are gehiagorekin eta atmosfera apur bat beldurragarri bezain erakargarriarekin. Oro har, izugarri minimalistak dira abestiak, oso soinu gutxirekin asko lortzen du suediarrak, horrela, kabtyej behar dutena baino ez dute, ez espero apaindurarik.

Argi dago ez dela Fever Ray-ren musika inongo diskoteka eta tabernetan entzungo, ezta konfinamendua amaituta ere, baina ziur musikazaleen zerrenda askotan denbora luzez egongo dela. Dreijer-en ahotsak maitasuna eta gorrotoa neurri berdinean helarazten dituen bitartean, When I Grow Up bezalako abestiak entzutea esperientzia bat baita bere horretan. 
Seven eta Dry and Dusty ere bikainak dira. Abestiek leku hotz eta ilun bat gogorarazten dute, baina aldi berean erosoa dena, irteera bat duen zuloa. 

Bakarrik entzuteko diskoa da, barnera begiratzeko tartea eskaintzen baitu. Beraz, pazientziaz hartu behar den disko horietako bat ere bada gozatu ahal izateko, eta horregatik da horren disko ona. Merezi duenak arreta, txera eta errespetua behar baititu, benetan ezagutu eta harreman sendo eta gozagarri bat eskuratzeko.