Gomendioa: Ezra Furman-ek aurreiritzietatik askatuko zaitu

Gomendioa: Ezra Furman-ek aurreiritzietatik askatuko zaitu Edozein egun edota sasoi ona da Ezra Furman ezagutu eta bere munduaz maitemintzeko, baina egun seinalatu honetan gomendatzeak badu bere sinbolismoa. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gomendioa-ezra-furman-ek-aurreiritzietatik-askatuko-zaitu/@@download/image/ezra-furman-2019-1-1068x712.jpeg
2019/06/28

Testua: Jaione Dagdrommer @hellehellei

Edozein egun edota sasoi ona da Ezra Furman ezagutu eta bere munduaz maitemintzeko, baina egun seinalatu honetan gomendatzeak badu bere sinbolismoa.
Gomendioa: Ezra Furman-ek aurreiritzietatik askatuko zaitu

Lehengoz Furman Dr. Jeckyl & Mr. Hyde abestiarekin ezagutu nuen. Ondoren, diskoa bilatzen jarri nintzen gehiago entzuteko eta sudurra odoleztatua zuen mutil batek itzuli zidan begirada. Harritu egin nintzen, entzun nuen ahotsagatik emakumezko bat espero nuen, ez galtzaile itxurako mutil hura. Aurreiritziak halere pikutara bidali nituen eta egun The Year of No Returning, bere izenburuak aurreikusi balu bezala nire disko kuttunetako bat da.

Furman-en diskoak beti dira inperfektuak, ez dira inoiz guztiz borobilak izatera iristen, baina aldi berean, perfektua ez izateak ematen dion gizatasuna barruraino iristen da. Zintzotasuna dariote abestiei. 2012ko disko honetan ere (2012! Ene, nola pasatzen den denbora!) aipatutako inperfekzioa eta zintzotasuna presente daude.

Lehenengo aldiz bere aurreko hiru diskoetako The Harpoons taldea utzita, bakarlari moduan argitaratu zuen lehen lana izango da hau. Disko honekin bere musikari eta pertsona identitatearen bilaketari hasiera eman zion eta egun horretan dabil buru belarri. Lan honetako abesti batzuk bikainak dira (Sinking slow, Are You Gonna Break My Heart?, Bad Man...) eta beste batzuk estropezu dibertigarriak. Izan ere, guztiok ez dugu berdin estropezu egiten.

Bere hurrengo diskoaz (Day of the Dog, 2013) honako hau esan zuen: Honek ez du antsietatearen arazoa bere itxura beldurgarrienean konpontzen, baina gustatzen zait ausarta izateko gogoaraztea. Inork ezin zaitu ukitu. Zerbait zuzena ez dena esan edo egiten baduzu ere, zer du bada onik zuzentasunak? Zergatik izan lotsatia eta aspergarria? Kendu pantaila aurretik eta egin distira. Horretaz doa nire disko berria, askatasun nahiaz.

Horixe da hain zuzen diskoak helarazten duena bere azaletik hasita. Furman hasia da den bezala azaltzen eta horregatik loredun soineko bat darama jantzita. Diskoa, ohi duenez, irregularra da eta batzuetan ulergaitza suertatu daiteke, baina asko du amorru energikotik. I Wanna Destroy Myself abestiak argi uzten dizu ez dabilela txorakeriatan. Garage soinuak hezurretan itsasten zaizkizu eta jada ez dago atzera bueltarik. Lixatu eta azken ukitua eman gabeko eskultura bat dirudi diskoak, beharbada soinu hobea izan zezakeen baina puntu basati hori galduko zukeen.

Bere urrengo diskoak (Perpetual Motion People, 2015) ildo beretik jarraitzen du. Berriz ere azalean bi generoko ukituak dituen estetika anbiguo batekin azaltzen da. Musikan berriz ez dago dudarako tarterik, bere diskurtsoa gero eta definituagoa du eta hain justu, disko honetako Wobbly abestian genero fluidotasunaz mintzatzen da. Nola eroso sentitzen den batzuetan gizonezko rolean eta besteetan emakumezko rolean. Naturaltasunez eta lotsarik gabe, badirudi erabat askatu dela Furman bere beldur eta antsietateetatik.

Edo hori pentsatzen nuen bere lanik handinahiena iritsi zen arte: Transangelic Exodus (2018). Parranda luze batetik bueltan, makillajea deseginda eta nahi gabe aurkitua dirudien perlazko koilare batekin azaltzen zaigu Furman etapa honetan. Asko du diskoak bere itxurak helarazten duen iluntasun queer horregatik. Esango nuke bere lanik borobilena dela. Road movie bat bailitzan (diskoaren azala pelikula bateko kartela izan liteke) Furman-ek bere maitearekin ekiten duen ihesaldia narratzen du. Aipatu duenez diskoa immigrante, errefuxiatu eta indarrez armairuan ezkutatuak daudenei zuzenduta dago. Zaurgarri diren guztiei, zaurituta daudenei eta gizartearen jazarpena pairatzen duten guztiei. Kezka guzti hauek narratzen ditu istorio itxuran (lasai, ez dizut spoilerrik egingo) pop melodramatiko batek lagundurik. Eztarritik baino sudurretik ateratzen zaion ahots lakarrak guztia maisutasunez gidatzen du honelako abesti bikainak utziz:

Orain arte irakurri eta entzundakoa gustatu bazaizu, edo behintzat interesa piztu badizut, jakin abuztuaren 30ean bere bakarkako 5. diskoa izango denak argia ikusi duela. Esan duenez Twelve Nudes bere diskorik punk queer espiritualena izango da eta lehen aurrerapena ezagutarazi du. Modei kasurik egin gabe bere borroka pertsonalean aurrera jarraitzen du pausu irmoz, zintzotasunarekin osatzen dituen melodia eder eta zorrotzek lagundurik.