[Gomendioa] "Éloge du rien" (Christian Bobin, 1990)

[Gomendioa] "Éloge du rien" (Christian Bobin, 1990) Zaila da erabakitzea "Éloge du rien" edo "Ezerezari gorazarrea" liburua poesia, saiakera edo eleberria den. Argi dagoena da, garai ilun hauetan ezinbesteko helduleku bilakatzen dela irakurtzen duen ororentzat. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gomendioa-eloge-du-rien-christian-bobin-1990/@@download/image/livres.jpg
2020/12/01

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Zaila da erabakitzea "Éloge du rien" edo "Ezerezari gorazarrea" liburua poesia, saiakera edo eleberria den. Argi dagoena da, garai ilun hauetan ezinbesteko helduleku bilakatzen dela irakurtzen duen ororentzat.
[Gomendioa] "Éloge du rien" (Christian Bobin, 1990)

Nik behintzat lehen orritik atzeman nuen liburu txiki hau nire eskuliburu kuttun bilakatuko zela, eta behin eta berriz itzuliko naizela epeltasun faltan nagoenean. Badirudi Christian Bobin-en helburua maitasuna egunerokotasunean bilatzea dela idazketaren bidez. Aldi berean, hori onartzean maitasuna kontzeptuaren anbiguotasuna agerian uzten du. Izan ere, anbiguotasun horretan baitako idaztearen ahultasuna eta indarra. Idazle frantsesak ingurura begiratzen du idazterakoan, gauza xumeetara eta hortik eraikitzen du bere testua.

Edertasuna lila batean dago, egunsenti batean, isiltasunean, ezerezean. Ez dago Jainkorik autore frantsesak eraikitzen duen munduan. Bobin-ek konfiantzak maitasunean du jarria. Maitasuna bizitzari emana den dimentsio bat bezala ulertuta, elkarrizketa aberasgarriak sortzen dituen sentimendu bat bezala. Badirudi berarentzat idaztea norbere buruarekin elkarrizketa bat mantentzea dela. Behaketan aurkitzen du edertasuna.

Bobin-ek isiltasuna mantentzen du bakardadean bizitzaren zentzuaz hausnartzen saiatzen den bitartean. Idatzi baino gehiago begiratu egiten du, irakurri baino gehiago entzun egiten du. Sinpletasunari gorazarrea da liburu hau. Ez da aintzarik bilatu beharrik bere munduan, ez idealismorik, ezta beste inongo sentimentaltasunik. Nahikoa da kristaletik behera erortzen den euria behatzea, edo egunerokotasunean aurki dezakegun beste edozein keinu baloratzea. Ez dago pretentsiorik. Bizitzaren funtsezko gauzei ematen die garrantzia, bizitza bere biluztasunean onartuz. 

Bobin-en idazteko moduak, hasiera batean hala ez badirudi ere, bere buruarekin duen borroka bat da lehendabizi, eta ondoren munduarekin borrokatzen du, edo behintzat mundua leku ez habitagarri bilatzen duten gauza horien aurka. Hori ordea, merezi duten gauzak goraipatuz egiten du: 

Berde distiratsuz zuhaitz bat. Argiz gainezka aurpegi bat. Nahikoa dira egunero. Soberan ere badela esango nuke. Ikusten duzunaren izatea behatu. Izan ikusten duzuna.

Gure mugikortasuna mugatua dugu honetan, inoiz baino beharrezkoa da inguruan duguna eta ditugunak beste ikuspuntu batetik behatzea, inguratzen gaituen edertasunaz ohartuz. Guztia pikutara doala sentitzen duzun egun horietan eduki eskura Éloge du rien liburua.