[Gomendioa]: Deftones-en "White Pony" maisulanak 20 urte bete ditu
![[Gomendioa]: Deftones-en "White Pony" maisulanak 20 urte bete ditu [Gomendioa]: Deftones-en "White Pony" maisulanak 20 urte bete ditu](https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gomendioa-deftones-en-white-pony-maisulanak-20-urte-bete-ditu/@@images/bc92844e-98b7-43ab-9a3f-d6934df7214f.jpeg)
Garai hartan beltzez bakarrik janzten nintzen, eta nu-metaletik eta distortsiotik at zegoen estilo oro ez zen musika niretzat. Beraz, White Pony nire disko kuttunenen artean zegoen ezinbestean. Deftones beti izan da ordea, garaiko nu-metal etiketen barruan sartu ziren taldeen artean klaseko ikastunena eta disko honekin eurena bakarrik den soinua definitzea lortu zuten, etiketa zehazgabe horretatik aldenduz.
20 urte geroago, lehengo egunean bezain bikaina iruditzen zait soinua. Ez dirudi orain dela 20 urte ateratako disko bat denik, soinu iluna du, sofistikatua, dotorea. Oinarrian abestiek dituzten testura elektroniko trinkoek euren musikari beste norbaide bat eman zioten. Soinu honek ez zituen euren diskoetxekoak konbentzitu, bai ordea zaleak, hauek biderkatuz entzunaldi bakoitzean.
Disko honetan agresibititate maila jaitsi egiten da koru katartikoen mesedetan. Abestiak zorrotzak dira hala ere, herra poesia bilakatuz, garrasi beharrean. Zenbait abestik trip-hop estiloa gogorarazten dute (Rx Queen), pasarte akustikoak eta atmosferikoak ere aurkitu daitezke (Teenager), baina baita sumina ere Elite, Street eta Korea abestietan.
Diskoari pasioa dario akorde bakoitzetik; bertako metaforek mina ematen dute: zaldi zuria (kokaina), labainak, heroina, mina antzean utzi eta aldatzearen beldurra… Chino Moreno-ren abesteko era geldoa ederto dator gainera gai hauei are iluntasun handiagoa emateko. Maynard James-Keenan-en (Tool, A Perfect Circle) ahotsa ere entzun daiteke Passenger abestian. Ezin kolaborazio hoberik abesti horretarako, Keenan-engan pentsatu zutela abestia idazterakoan baitirudi.
Disko arriskatua da, garaiko moda iragankorrari bizkarra emanez sortutakoa. Zaleek izugarri eskertu zuten esperimentazioa eta aurkakoa pentsa badaieteke ere, taldeari jaialdi handietan jotzeko ate ugari ireki zizkion. 20 urteren ondoren White Pony trostan dabil lerdentasunik galdu gabe, enternitatearen bidean tinko.