[Gomendioa]: 'Dead to Me'

[Gomendioa]: 'Dead to Me' Emakumeen arteko laguntasun ezinezko honek duen kimika ezagutzeko eta umore beltzaz gozatzeko telesaila! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gomendioa-dead-to-me/@@download/image/AAAABfExSx9u1cpjRgy2fJwSJkMfXu9MLXl8D6lFHYUVjxqwYKxALKURGaJFh__DQrO9xQuZho8I9T_QjMcV40ija7ZZgJY8.jpg
2020/08/26
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Emakumeen arteko laguntasun ezinezko honek duen kimika ezagutzeko eta umore beltzaz gozatzeko telesaila!
[Gomendioa]: 'Dead to Me'

Itxialdian bestela ikusiko ez nituen hainbat film eta telesail begiztatzera animatu naiz, eta Liz Feldman zuzendariaren Dead to Me telesaila da dudarik gabe aurkitu dudan altxorretako bat. Hain zuzen, Netflixek zuzendaria fitxatu du, eta aipatutako telesailaren 3. denboraldia egiteaz gain, etorkizunean bere lan berriak ere plataforma honetan ikusteko aukera izango dugu.

Telesailaren oinarri sendoena bere bi protagonistak dira; Christina Applegate (Jen) eta Linda Cardellini (Judy) aktoreen arteko kimikak primeran funtzionatzen du, ezinezkoa eta absurdoa dirudien testuinguru zoro eta kaotiko baten erdian sekulako laguntasun harremana eraikiz. 

Heriotza, galera, depresioa, bakardadea eta ahizpatasuna lantzen dituen telesaila da, dena umore beltz eta absurdoaz ondo zipriztindua. Istorio zoro baten erdian, Jen eta Judyren ezinezko laguntasun horretan elkarrizketa luze eta sakonekin gozatuko duzu, emakume guztiek jasaten dituzten beldur, zalantza eta dramak naturaltasunez eta indar handiz azaleratuz. Zeren istorioak akzioa eta misterioa baditu ere, benetan garrantzia duena bi emakume hauen arteko harreman sakona da, emakume helduen arteko ahizpatasuna goraipatuz.

Telesailak badu antzekotasunik Grace and Frankie telesailarekin edota A Simple Favor filmarekin, biak ere Netflixen ikusgai. Onena? 30 minutuko kapitulu dibertigarri eta entretenigarriak, lehen bi denboraldiak martxan eta hirugarrena (azkena izango dena) datorren urtean estreinatuko dela (koronabirusak uzten badu, noski).