[Gomendioa] Chaqueta de Chándal – Gimnasia menor

[Gomendioa] Chaqueta de Chándal – Gimnasia menor Guk geuk sortutako kutsaduraren keak sortzen digun panorama sozial inoiz baino grisagoan eskertzekoak dira Chaqueta de Chándal bezalako taldeak, gai baitira nortasunez betetako melodia alai eta letra ironikoekin bizi dugun aro pesimista eta deprimitua umorez eta lotsagabekeria kritikoz erretratatzeko. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gomendioa-chaqueta-de-chandal-2013-gimnasia-menor/@@download/image/chaqueta-de-chandal-2019-portada-disco.jpg
2020/01/20

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Guk geuk sortutako kutsaduraren keak sortzen digun panorama sozial inoiz baino grisagoan eskertzekoak dira Chaqueta de Chándal bezalako taldeak, gai baitira nortasunez betetako melodia alai eta letra ironikoekin bizi dugun aro pesimista eta deprimitua umorez eta lotsagabekeria kritikoz erretratatzeko.
[Gomendioa] Chaqueta de Chándal – Gimnasia menor

Bartzelonako hirukotea ez dago lagunak egiteko, musika egiten dute besterik gabe, eta hori ere serio hartu gabe. Hain justu, horretan datza bere freskotasuna, ez baitute inongo pretentsiorik. Euren helburua ez da modako azken taldea bihurtu eta Primavera Sound jaialdian jotzea, entzun besterik ez dago A Moderno Resabiado No Le Mires el Dentado abestia: mira mi cami rara / me la compré en el Zara / esto es el underground / paso del Primavera Sound (begira nire kamiseta arraroa / Zaran erosi nuen / hau undergrounda da / paso egiten dut Primavera Sound-ez).

Izan ere Natalia, Alfonso eta Guillem musika munduan ez dira hasiberriak eta Xabier Calver edo Joan Colomo bezalako artisten musikariak izan dira. Izan ere, azken hau gogorarazten du ahotsak eta letren lotsagabekeria puntu horrek, beraz, autore katalana atsegin baduzu ez galdu Chaqueta de Chándal.

Behin euren filosofia argi utzita, oinarri horien gainean inongo aurreiritzirik eta epaiketarik gabe sortutako bederatzi abesti aurkituko ditu entzuleak lehen lan honetan: El Amigo del Mal punk azkarretik, aipatutako A Moderno Resabiado No Le Mires El Dentado itsaskorrera eta hortik garage ukitua duen Artículo Segundo bikainera. Badago pasarte ilunagoentzat lekua ere Hablemos Del Mineralismo abestian entzun daitekeen bezala eta baita erromantizismo ez edulkoratuarentzat El Espíritu de Luis Moya balada modukoan: le he pillado el gusto a ser conductor / salir un día con los colegas / a darle gas y quemar rueda / aun así prefiero ser tu copiloto / y pinchar música un rato / y prepararte un cigarro / y poner la calefacción (gustua hartu diot gidari izateari /lagunekin egun batez ateratzeari / azeleragailua sakatu eta gurpilak erretzeari / hala ere, nahiagoa dut zure kopilotua izan / tarte batez musika jarri / eta zuretzat zigarro bat prestatu / eta berogailua jarri).

Euren letren eklektikotasuna ere aipatzekoa da eta horregatik egokiak dira edozein egoeratan entzuteko: finean denok egiten ditugun, baina inork aipatzen ez dituzten gauzak abesten dituzte. Eguneroko erritualak kantu bihurtuak. Chaqueta de Chándal etxean egoteko jazten duzun arroparen antzekoa da, beharbada ez zaitu eder sentiaraziko, baina bai eroso egunerokotasun desmitifikatuan.