[Gomendioa] ‘Fleishman Is in Trouble’: giza harremanen zailtasunak

[Gomendioa] ‘Fleishman Is in Trouble’: giza harremanen zailtasunak Telesail gomendio batekin natorkizu gaurkoan, Disney Plus plataforman topatuko duzun ‘Fleishman Is in Trouble’: Sorpresa oso atsegina izan da alde batetik, eta asko pentsarazi nauen errealitate-zaplastekoa bestetik. Hori da komedia dramatiko honetatik jaso dudana. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gomendioa-2018fleishman-is-in-trouble2019-giza-harremanen-zailtasunak/@@download/image/p23062562_b_h10_aa.jpg
2023/04/27
erreportajea

Testua: Gaizka Izagirre @Gaizka_Izagirre

Telesail gomendio batekin natorkizu gaurkoan, Disney Plus plataforman topatuko duzun ‘Fleishman Is in Trouble’: Sorpresa oso atsegina izan da alde batetik, eta asko pentsarazi nauen errealitate-zaplastekoa bestetik. Hori da komedia dramatiko honetatik jaso dudana.
[Gomendioa] ‘Fleishman Is in Trouble’: giza harremanen zailtasunak

Istorio guztietan hiru bertsio egon ohi dira: zurea, bestearena eta… egia. Hauxe da telesail honek islatzen duena. Toby eta Rachel izeneko bikotearen dibortzioari buruzko istorioa da honakoa, tira, horren ondoren datorrenari buruzkoa zehatzago esateko.  Banaketaren ostean, egun batean, Rachel arrastorik utzi gabe desagertzen da Toby bakarrik geratuko da eta 9 eta 11 urteko bi seme-alabekin batera. Ez da lehenengo aldia era honetan desagartzen dena, baina inoiz ez hainbeste denboraz eta are gutxiago aldez aurretik jakinarazi gabe. Haustura horren protagonista nagusiak Jesse Eisenberg eta Claire Danes direla esan behar nuen, baina Lizzy Caplan ere ezinbestean sartu behar dut hirukote barruan; kontakizunaren eskutik doan ezinbesteko off-ahotsa berea delako eta ezinbesteko pertsonaia bihurtzen delako horri esker. Kutsu literario oso interesgarria eskaintzen diot off-ahots horrek, telesailari tonu arin eta oso freskoa ematen dio gainera.   Emakumezko narratzaile baten ikuspegitik,  sexualitate maskulinoari buruzko hausnarketa egiteko aukera ematen dio, eta hori berezia iruditu zait, konplizitatea handia sortzen da ikuslearekin.

Sorpresa aipatu dut lehen, hasteko egitura narratiboa deigarria iruditu zaidalako; emazte ohiaren desagerpena argitzeko asmoz pertsonaia nagusia iraganeko pasarteei ainguratua bizi da, eta telesailak egiten dituen denbora-jauziak, protagonistaren ikuspuntutik beti ere, erritmo bizia ematen diote, muntaia lan apartaz eta Caroline Shaw-en musika dotoreaz lagunduta. Bertuterik handiena ordea, eta telesailaren mamia nire ustez, ikuspuntuarekin nola jokatzen duen datza. Pertsonaien mundua hankaz gora jartzeko helburuz, trama aberastea lortzen duen ikuspuntuen arteko dantza eraginkorra iruditu zait oso, eta baita, aipatu dudan muntaiarekin batera, une batzuetan 180° biratzen duten kamera mugimendu zoro horiek ere.  

Komedia dramatiko moduan etiketatu dut eta hala da, baina garrantzitsua iruditzen zait honakoa aipatzea;  hasierako ataletan komediatik edo behintzat tonu arin horretatik asko duen arren, apurka-apurka iluntzen doan telesaila da eta izaera guztiz dramatikoa izaten amaitzen duela. Amatasuna, zaintza, patriarkatutik eraikita dagoen gizarteari buruzko erradiografia, besteekin konektatzeko beharra, bikote-arazoak, dibortzioa, antsietatea, bakardadea, gaztetasunarekiko nostalgia etengabea, garun osasuna eta depresioa bezalako gai sakonak jorratzen ditu, beraz pentsa. 30-45 urte bitarte badituzu protagonista bakoitzaren zati batekin identifikatuko zarela iruditzen zait ala behintzat enpatia sentituko duzula; bereziki bikotea baduzu, edota berriki banandu bazara eta gainera seme-alabak tartean badaude.

Por tzierto, Ikusi ostean gustatu bazaizu, biziki gomendatzen dizut Noah Baumbach-en Marriage Story eta Ridley Scott-en The Last Due filmak ikustea. Zeinen zailak diren giza harremanak ezta?