Goizeko hiruretan esnatzearena ez da mito bat
Ziurrenik noiz edo noiz gertatu zaizu. Gauaren erdian esnatu zara, iratzargailua edo mugikorra begiratu eta goizaldeko hirurak edo lauak dira. Zergatik ordu inguru hori zehazki? Ba al dago arrazoirik gaueko ordu horietan begiak irekitzeko eta ez beste orduren batean?
Azalpen asko eman dira hau azaltzeko, batzuk izugarri fantasiosoak ere bai, baina zientziak argi du zergatia eta modu naturalean azaltzen du fenomeno berezi hau.
Superstizioak, mitoak eta kondairak hamaika daude. Izan ere, goizeko hiruretan esnatzea ez da zerbait berria, eta fenomeno honi antzinatik azalpen magikoak eman izan zaizkio.
Hain da horrela, goizeko hirurak deabruen ordua dela esan ohi da. Aurkakoa uste duenik ere bada, hau da, ordu horretan aingeruek bisitatzen omen gaituzte, jakintza eta argitasuna eskainiz. Guztiak ere lo ezina definitzeko modu bitxiak zinez.
Ez da horren irudimentsua izan beharrik ordea zergatia ezagutzeko. Nahiko ohikoa da goizaldera esnatzea. Azalpena nahiko ezaguna da gainera: lo zikloak.
Mundu guztiak daki lo gaudenean prozesu ezberdinetatik pasatzen garela, batzuetan sakontasun gehiagokoak bestean gutxiagokoak. Ohikoa da prozesu horietako batetik bestera pasatzerakoan, noizean behin, istant batez esnatzea, batez ere gautar kronotipoa baldin baduzu.
Ikerketa berrien arabera estresagatik ere esnatu gaitezke hiruretan edo lauak inguruan. Hobe esanda, adituen ustez estresa bera bakarrik ez da gai gu esnatzeko, baizik eta esnatzen garenean esna egoteaz kontzienteago egiten gaitu. Hau da, uste baino gehiagotan esnatzen gara gauetan, baina estresik ez badaukagu berriz ere lo hartu eta ez gara oroitzen esnatu garenik ere. Trantsizio erlaxatuak dira. Estresa pairatzen ari bagara ordea, kontzienteago izango gara aldaketa hauetaz.
