Goierriko Jazzaldia asteburuan

Goierriko Jazzaldia asteburuan Bost musika emanaldi izango dira guztira Ordizian eta Araman. Jaialdian lehenengo aldiz abesbatza batek kantatuko du. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/goierriko-jazzaldia-asteburuan/@@download/image/maria yfeu.jpg
2021/07/08

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Bost musika emanaldi izango dira guztira Ordizian eta Araman. Jaialdian lehenengo aldiz abesbatza batek kantatuko du.
Goierriko Jazzaldia asteburuan

Osasun egoerak behartutako etenaren ondotik, bueltan da Arama Jazz elkarteak antolatutako Goierriko Jazzaldia, zortzigarren edizioarekin. Hiru eguneko iraupena izango du eta bost emanaldi izango dira guztira. Iazko ediziorako programatutako taldeek joko dute eta lehenengo aldiz abesbatza batek kantatuko du jaialdian. 

Bihar, hilak 9, emango diote hasiera jaialdiari Ordiziako Plaza Nagusian, 19:00etan. No More Jazz Brass Band arituko da lehenik, 2018an Musikeneko hamaika ikaslek sortutako taldea. Jatorri eta tradizio amerikarreko kantuak eta euskal kantu herrikoiak joko dituzte, euren abesti propioekin batera. Gauean, 22:00etan, Maria Yfeu sevillarra igoko da oholtzara, Espainiako Estatuko eta Europako zirkuitu independentearen ahotsik interesgarrienetakoa. Yfeuk musika estilo ugari uztartzen ditu: jazza, MPBa, tropikalia, autore-musika, popa, rocka, punka... Bere lehen diskoa aurkeztuko du, Someday

Larunbatean, hilak 10, Aramako parkean izango dira emanaldiak. Hasteko, 18:30ean, Alberto Arteta saxofoi-jotzaileak Laurok proiektu berria aurkeztuko du. Espainiako Estatuko jazz-musikaririk ezagunenetako bat da Arteta nafarra. Jarraian, 20:30ean, Valmuz taldea arituko da, genero ezberdinak lotzen dituen proiektua duena. 

Igandean, berriz, Oroith abesbatzaren eta Aldapeko Basque Latin Jazz-en txanda izango da. Azken aldian abesbatzak popa edota jazzaren eremuan esperimentatzen ari da, eta Aldapeko Basque Latin Jazzeko hainbat kiderekin elkarlanean, kontzertu interesgarria eskainiko dute Ordiziako elizan, 19:00etan. 

Erreserbak aurrez
Aurten, aforo mugak direla eta, gonbidapenak erreserbatu behar dira, 676 202 096 telefono zenbakira WhatsApp mezua bidalita; gonbidapenak zein kontzertutarako diren, gonbidapen kopurua, eta eskatzailearen eta kontzertura joango direnen izena eta bi abizenak zehaztu behar dira. Gonbidapenak eskuratu eta kontzertura joaterik ez dutenek antolakuntzari jakinarazteko eskatu dute. Publikoa eserita egongo da eta segurtasun neurriak beteko dira.