Goi mailako musikariek abiatuko dute Rockumentalak 2014 zikloa

Goi mailako musikariek abiatuko dute Rockumentalak 2014 zikloa https://www.gaztezulo.eus/albisteak/goi-mailako-musikariek-abiatuko-dute-rockumentalak-2014-zikloa/@@download/image/rockumentalak_1399881171.jpg
2014/05/12
berria
Udaberriro bezala, aurten ere Rockumentalak musika dokumentalen zikloa egingo dute Zarautzen, eta egitarau zehatza egunotan aditzera emango duten arren, dagoeneko iragarri dute inaugurazio kontzertuko kartela: Joseph Arthur, Joseba Irazoki eta Rubio.


Zarauzko Modelo zinema aretoan musika oinarri duten filmak eskaintzen dituzte udaberriro duela sei urtetik Rockumentalak zikloaren baitan, eta aurten ere helburu berarekin heldu dira antolatzaileak. Iazkoan, esaterako, Bob Marleyri buruzko Marley eta Chet Baker musikaria oinarri duen Let’s Get Lost lanak aurkeztu zituzten zeremonia maisu berezien laguntzaz, DJ Makala eta Iñaki Salvador, hurrenez hurren. Eta proiekzioetatik haratago, egitaraua abiatu eta isteko kontzertu bereziak ere antolatu zituzten aretoan bertan.

Bada aurtengoan, emanaldien egutegi zehatza oraindik kaleratu ez duten arren, zikloari hasiera emango dion kontzertuari buruzko xehetasunak zabaldu dituzte dagoeneko: maiatzaren 24an, larunbata, AEBetako Joseph Arthur abeslari, musikagile eta artista ospetsua; Joseba Irazoki gitarrista eta sortzaile beratarra; eta folk eta blues doinuak egiten dituen Rubio hirukoa ariko dira.

Kontzertua 21:00etan hasiko da, eta sarrerak 8 eurotan erosi daitezke dagoeneko Zarauzko Sanz Enea Kultur Etxean, herriko turismo bulegoan eta hemen. Egunean bertan 10 euro balioko dute.

Zikloaren azken ordukoak jakiteko, sartu hemen.