Goazen Txinara!, bosgarren urtez

Goazen Txinara!, bosgarren urtez https://www.gaztezulo.eus/albisteak/goazen-txinara-bosgarren-urtez/@@download/image/goazen_txinara_1358501128.jpg
2013/01/18
berria
Goazen Txinara!, bosgarren urtez
Judas Arrieta artista hondarribiarrak sustatutako, eta Etxepare Institutuak eta Eusko Jaurlaritzak lagundutako Goazen Txinara! programaren bosgarren edizioa martxan da dagoeneko. Hautatutako bi artistek beren proiektuak bi hilabetez Txinan garatzeko aukera izango dute.


Goazen Txinara! programak euskal artea Txinan sustatzeko helburua du, eta horretarako bi artista euskalduni bi hilabeteko beka eskaintzen die Pekingo MA Studioan. Arte garaikidearekin lorturiko edozein diziplinatako lanak izan daitezke, hori bai, bi hilabetetan egingarriak.

Iaz, esaterako, Koldo Almandoz zinemagileak eta Ismael Iglesias margolari eta artista multidiziplinarrak lortu zuten beka. Judas Arrietaren Pekingo estudion egon ziren abuztuaren 1etik irailaren 30era bitarte, eta beren proiektuak garatu ostean, bertan aurkeztu zituzten.

Aurten, halaber, iazko lanekin osatutako katalogoa argitaratu berri dute.

Edizio berria
Horregatik, beste urte batez, zabalik da izena eman eta egitasmoak aurkezteko epea. Urtarrilaren 30era bitarte egin ahal izango da info@mastudiobeijing.com helbidera informazio guztia bidalita.

Hondarribiko erakusleihoa


Judas Arrieta manga artistak bere lanak ikusgai jarri ditu martxora bitarte Hondarribiako bakailao denda zahar batean. Erakusleihoa izateaz gain, estudioa ere bada, eta bere lana herritarrei erakusteko baliatu du. Orain 20 urte hasi zuen bere artista ibilbidea, eta urteurrenaren harira ireki du lokala.