Goazen lagunok!

“Ametsak ez dauka inongo mugarik, eta nik alde egin nahi nuke hemendik. Benetan gogorra eta ausarta bazara, inoiz ez geratu atzera begira...” zioen 90ko hamarkadan Dragoi Bola telesailaren amaierako kantak. Izan indartsu, izan ausart eta gertatzen dena gertatzen dela ere, aurrera begira jarraitu. Ez da makala gero!
Duela 25 urte arratsaldero telebistako marrazki bizidun mitiko hauei adi-adi begira egoten ginenok hodei hori baten gainean hegan egitearekin amestu egiten genuen gauero. Haurrak koskortu dira eta millennial deritzon belaunaldi teknologiko baten partaide bilakatu gaituzte, amets zapuztuen jenerazioa, esaten dute batzuek. Gizarteak promestutakoarekin dezepzionaturiko ume apetatsuak. Politikan interesik azaltzen ez duten teknozale amorratuak. Lanpostuz lanpostu saltoka dabiltzan youtuber frustratuak. Blog batean bere eguneko estilismoa erakustea edo total lookak proposatzea lanbidetzat hartzen duten txoriburuak.
Autonomo eta independente izatea aldarrikatzen dute baina, askok ez dute kotxeko gidabaimenik ateratzeko asmorik ere! Nahiago izaten dute beste norbaiten kotxea konpartitu, ezezagunen etxeetan lo egin, mundua ezagutu patrika hutsik eta euren ametsetako lanean jardun ezer gutxi ordaintzen badiete ere.
Azken ikerketek diotenez, oparotasun garaian jaio garenok esperientziak nahiago ditugu gauza materialak baino; baloreak transmititzen dituzten enpresa ezberdinetan lan egitea aintzat hartzen dugu, bizi osorako lanpostu egonkor eta aspergarri batean aritzea baino. Etengabeko porrotak besarkatu eta ikasbidetzat hartzeko prest omen gaude.
Egia da, inkoherenteak izan gaitezke, azken batean papera eta digitalaren arteko trantsizioan bizi gara –Interneten sarrerak erosi eta inprimatu egiten ditugu–, baina tira, galdutzat eman gaituen pertsona bakoitzeko, pauso sendoago batez zapalduko dugu bidea eta orduko hodeiak sekula baino zentzu gehiago duela erakutsiko dugu.