Go!azen telesailaren denboraldi berriaren aurrestreinaldia Bilbon

Go!azen telesailaren denboraldi berriaren aurrestreinaldia Bilbon Azken aurrestreinaldia izango da Bilbokoa, eta azaroaren 19an eskainiko dute lehen atala EITBn. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/go-azen-telesailaren-denboraldi-berriaren-aurrestreinaldia-bilbon/@@download/image/goazen.png
2021/11/09

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Azken aurrestreinaldia izango da Bilbokoa, eta azaroaren 19an eskainiko dute lehen atala EITBn.
Go!azen telesailaren denboraldi berriaren aurrestreinaldia Bilbon

Zinebi Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko jaialdiaren baitan, Go!azen gazteentzako telesailaren 8.0 denboraldiaren aurrestreinaldia izango da igandean. Telesaileko protagonistetako batzuk bertan izango dira, Azkuna Zentroko Auditorioan, eta gainera denboraldi berriaren lehen atala ikusi ahal izango dute bertaratzen direnek. 12:00etatik aurrera izango da saioa eta sarrerak jaialdiaren webgunearen bidez eros daitezke.  Urrian Barakaldon, Donostian eta Gasteizen egin zituzten aurrestreinaldiak, eta larunbatean, hilak 13, Iruñeko Baluarten egingo dute aurkezpena, Bilbokoaren bezperan. 

Azaroaren 19an estreinatuko dute telesailaren denboraldi berria EITBren euskarrietan. Ostiraletan, 21:00etan hasita, ETB1en eta eitb.eus-en izango da ikusgai eta, ondoren, atalak eskuragarri egongo dira Goazen aplikazioan eta EITB Nahieran zerbitzuan. Goazen aplikazioan pertsonaiek Goatsapp taldera bidaltzen dituzten mezuak irakurri eta argazkiak eta bideoak ikusi, abestien letrak eta dantzen koreografiak ikasi, eta hainbat bideoz gozatzeko aukera izango dute erabiltzaileek. Horrez gainera, telesailaren eta bertako aktoreen berri jakiteko aukera ere izango dute sare sozialetan: Instagramen, Facebooken, Twitterren eta Tik Token.

Go!azen mikrofonoaren zozketa
Mikrofono baten zozketa ere jarri dute martxan, "Go!azen-eko abesti guztiak profesionalek bezala abesteko".  Bluetooth bidez mugikorrera konektatu eta Goazen aplikazioko karaokeak abesteko aukera eskaini nahi die gaztetxoei. Zozketan parte hartzeko galdera bati erantzun beharko diote. Erantzuna aplikazioan bertan aurkitu daiteke, eta zenbat eta erantzun gehiago eman, orduan eta aukera handiagoa izango da irabazteko. Azaroaren 15a izango da parte hartzeko azken eguna.