Glamurraren alde iluna

Glamurraren alde iluna https://www.gaztezulo.eus/albisteak/glamurraren-alde-iluna/@@download/image/17p40-1.jpg
2002/04/05
erreportajea
Zer ezkutatzen da zeluloidearen erresuman bizi diren zinema izarren irudi idilikoen itzalean? Zer dago kameraren planotik at? Glamourretik haratago?

Hipokresiaz marraztutako irribarreak, zinismoz kutsatutako bihotzak, luxuaren poetikaz mozorrotutako melodramak, silikonazko ametsak, kokainaz hautseztatutako desirak, merke prostituitutako duintasunak, arrazismo trabestituak, inkisizio ideologiko ilunak… Infernua. This is Hollywood!!!

Prostituzioa
Luxuzko prostituzioa Hollywood oparoaren osagai ezinbestekoa izan da beti. Hala, zine-estudio boteretsuenek euren putetxeak zituzten 30eko eta 40ko hamarkadetan. Oso putetxe higienikoak zirenez gero, bertara bidaltzen zituzten euren izarrak, sexu gaixotasunak saihets zitzaten. Marilyn Monroe eta zinema izar bihurtu nahian zebiltzan beste emakumezko aktore asko ere prostituzioan aritzera derrigortu zituzten ezagunak ez ziren sasoian, euren kontratuaren atal "promozionala" tarteko. Katea, baina, ez da inoiz eten. Columbia ekoiztetxeak, esaterako, Heidi Fleiss madame ezagunaren neska alaien zerbitzuak bere filmeen aurrekontuetan zehazteko ohitura zuen iragan hamarkadan. Bezeroen artean, besteak beste, Charlie Sheen, Jack Nicholson, Arnold Schwarzenegger, Timothy Hutton, Shannen Doherty, James Caan eta Sylvester Stallone aurki zitezkeen.

Homofobia
Homosexualitatea tabu handia izan da urte luzez Hollywoodeko ekoizpenetan. Azken sasoi honetan "jar ezazu homosexual bat zure filmean" formula nagusitzen ari den arren, homofobiak bere horretan dirau. Finean, homosexual atseginaren rola —rol txiki eta azaleko hori—irudi kontua baino ez delako. Politikoki zuzena da eta modan dago. Besterik ez. Errealitatea gordinagoa da, ordea. Zinema industriak euren sexu aukera ezkutatzera behartzen baititu izar homosexualak, "arrazoi ekonomikoak" medio. Jodie Foster aktorearen kasua adierazgarria da zentzu honetan. Fosterrek ez du inoiz lesbiana dela aitortu nahi izan, zinema industrian duen pisua galtzeko beldurra dela eta. "The Silence of the Lambs" filmarengatik Oscar saria jaso zuenean, baina, filmak homosexualitateari buruz ematen zuen irudi txarrarengatik sututako homosexual talde outing-zale batek bere sekretua biluztu zuen.

Inkisizio
ideologikoa
Hollywood inperialismo estatubatuarraren adarrik esanguratsuenetarikoa da eta kolonizazio ideologikoa du xede. Puritanismo kontserbadorearen oligopolio horren erasorik ankerrena mc-carthysmoak bultzatutako "sorgin ehiza" izan zen. Antikomunismoak itsututa, zinema industriako sektorerik progresistena suntsitu zuten. Batzuk (Biberman, Hammett…) kartzela zigorra sufritu zuten. Beste batzuk (Chaplin, Welles, Losey…), berriz, erbestea. Geratu zirenak (Trumbo, Sondergaard…), klandestinitatea eta langabezia. Jazarpen politiko basak heriotza ekarri zion John Garfield aktoreari. Tamalez, ez zen biktima bakarra izan. Sasoi ilunak aspaldi amaitu zirela dirudien arren, ez da horrela. Zentsura ez baita inoiz desagertu. Sotilagoa da. Egun, Hollywoodeko parametro ideologikoetatik at dauden proiektuak baztertu egiten dira, babes ekonomikoa ukatuz. Zentsura ekonomikoa da, ziurrenik, pentsamendu bakarraren armarik eraginkorrena.

Tratu txarrak eta sexu gehiegikeriak
Anthony Quinn aktoreak sarritan jipoitu zuen Yolanda Addolori emaztea. Hollywooden aski ezaguna zen Quinnen biolentzia matxista, baina inork ez zuen aktorea salatu. Diane Cilentok, ordea, Sean Connery senarra abandonatu zuen haren ukabilkada bortitzak nozitu ostean. Halle Berry erakargarriak ere entzumen-arazoak ditu Wesley Snipes senargai ohiak eman zion jipoi baten ondorioz. Charles Chaplin, Errol Flynn eta Roman Polanskiri bortxaketa delituak leporatu zitzaizkien. Zigorra saihestu zuten guztiek, ordea. Roscoe "Fatty" Arbucklek Virginia Rappe aktorea bortxatu eta hil egin zuen orgia gau batean. Fattyk ere ez zuen espetxerik zapaldu. Maxwell Reed aktore jipoizaleak –Joan Collins-en lehen senarra– jeke arabiar bati alokatu nahi izan zion emaztea, 10.000 libera esterlinen truke. Eta, hori guztia gutxi balitz bezala, show porno hura ikusteko irrikaz zegoen morroia. Zerrenda, sinestezina dirudien arren, amaitezina da.