'Glad is The Day' musika jaialdia izango da igandean Donostiako Cristina Enea Parkean

'Glad is The Day' musika jaialdia izango da igandean Donostiako Cristina Enea Parkean Hamasei banda eta artistek hartuko dute parte "musika-maratoi" honetan. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/glad-is-the-day-musika-jaialdia-izango-da-igandean-donostiako-cristina-enea-parkean/@@download/image/GITD9.jpg
2022/08/26

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Argazkiak: Donostia Kultura

Hamasei banda eta artistek hartuko dute parte "musika-maratoi" honetan.
'Glad is The Day' musika jaialdia izango da igandean Donostiako Cristina Enea Parkean

Glad is The Day ekimena 2016ko Europako Kultur Hiriburutzaren testuinguruan sortu zen, lorategiek kultur aisialdirako lekutzat duten papera aldarrikatzeko asmoz, eta musika, gastronomia eta natura elkartzeko praktika europarraz gozatzeko. Jaialdiaren izenak Gladys del Estal militante ekologista omentzen du, antolatzaileen esanetan, "donostiar askoren parke gogokoenaz ahalik eta errespetu eta adeitasun handienaz gozatzeko sortu baitzen". 

Kontzertuak, DJen saioak, piknikak, azoka eta haurrentzako jarduerak izango dira 11:30ean hasi eta 20:30ean amaituko den egitarauan. Eguna luzatu nahi dutenek, Le Bukowski eta Dabadaban DJ gehiagoren lana entzuteko aukera izango dute.

Hamasei banda eta artistek hartuko dute parte iganderako prestatutako musika emanaldi etengabean. Saltsa, trap eta rock estiloak izango dira, besteak beste, Agertoki Nagusian. Honako talde hauek arituko dira bertan: Goxua'n Salsa, Lukiek, Querakt Lahoz, Adios Amores, Lie Detectors, 33EWE, eta tokiko Lurrin eta Teko Maisin. Hondamen Sonikoa izeneko agertokian, berriz, trapa, hip-hopa eta soinu urbanoenak zabalduko dituzte. Ben yart, Hofe x 4:40, Topanga Kiddo, La Mia Mari, Juicy Bae, Umami, Ttrraaccaa eta MBODJ & Baba Sy arituko dira. 

Azoka Dabadabaren bidez kudeatuko da eta hainbat denda bilduko dituzten 50 postuk osatuko dute, hala nola vintage dendak edo tokiko talentuen sorkuntzak. 

Bestalde, bihar, aperitif modura, Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroaren plazan musika emanaldia egingo dute.