G.K. Chesterton: Chesterton izan nahi zuen gizona

G.K. Chesterton: Chesterton izan nahi zuen gizona https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2012/12/13
erreportajea
G.K. Chesterton: Chesterton izan nahi zuen gizona
1874an jaio zen Londresen Chesterton. Familia liberal protestante bateko semea, gaztetan agnostiko eta sozialista bezala agertu zuen bere burua. Hala ere, pixkanaka, ezker korronteari uko egin, eta erlijio katolikoa besarkatu zuen. Aldaketa honek garrantzi handia izan zuen bere bizitzan, baita bere obran ere.  
Literatur ikasketak burutu ostean, eta zientzia ilunekin nolabaiteko zerikusi labur bezain bitxia eduki eta gero, 1900 inguruan egunkarietan eta aldizkarietan kolaboratzen hasi zen. "Bookman" aldizkarian lehenik; "Speaker" eta "The Defendant"-en hurrena; eta azkenik, berak sortutako "G. K's Weekly" izenekoan. Izaeraz polemista, aski ezagun egin ziren Chestertonen idatziak. Oldarkorrak beti ere. Intentzioz eta ironiaz beteak. Gai asko jorratu zuen: kritika literarioa, artea, erlijioa, politika… Baina, guztiaren gainetik, biziki kritikatu zituen kapitalismoa eta Ingalaterrako oligarkia. Baita sozialismoa ere, oligarkia burokratikotzat jotzen baitzuen. Lurraren jabetzaren eta ustiamenduaren kontura ere idatzi famatuak kaleratu zituen. Liberalen aldera lerratu bazen ere, ez zen beti haiekin ados egon.
Idazle bezala, Chesterton eta paradoxa hertsiki loturik daude. Bere narrazioetako bakoitza giza aiurriari buruzko paradoxa adimentsua da. Berezkoa zuen estilo zorrotzarekin, eta intrigazko moldeez baliatuz, politikaren eta gizarte arauen zentzugabekeria salatu zuen. Gehienetan, koadrila sinesgaitzak izaten dira bere istorioetako protagonistak. Horren adibide, "Negozio arraroen kluba" (1905), "Gehiegi zekien gizona" (1922), "Gezi luzearen ipuinak" (1925) edota "Mister Ponden paradoxak" (1936) narrazio-bildumak, Brown apaiz ikerlariari eskainitako saila ahaztu gabe. Bere lanik ezagunena, ordea, "Ostegun izan zen gizona" (1908) eleberria edo, Chestertonen hitzetan, komedia alegorikoa da —Ibaizabal argitaletxean Juan Garziak euskaratua—. Bertan muturreraino eramaten da satira ideologikoa. Chestertonek konplot anarkista batean inplikatzen den poeta baten gorabeherak narratzen dizkigu. Konplot horren eragileek izen klabe bana daukate. Zazpi eragile eta zazpi izen, orotara: asteko zazpi egunenak. Atzetik, ustez mundua suntsitu nahi duen antolatzaile misteriotsu bat.