Gizonezkoen estereotipoak eta rolak aztertzen dituen erakusketa jarri dute Iruñean

Gizonezkoei egozten zaizkien rol soziokulturalak aztertu, zalantzan jarri, eta bost hilabetez lan egin ondoren sortu da Larruazalaren azpian: translazioak eta disonantziak erakusketa. Argazkiek, eskulturek eta, Uraren gizona izenburupean, maskulinitatearen arketipo eta klixeetan sakontzen duen lau minutuko ikus-entzunezkoak osatzen dute Ziudadelako Labean paratutako lana, eta maiatzaren 15era arte izango da ikusgai.
"Erakusketan gizonen <<gelditasuna>> salatzen da gizartean gertatzen ari diren aurrerapenen aurrean, mugimendu feministarekin eta aldaketa bilatzen duten beste gizarte-ekintza batzuekin kontrajarrita. Eguarasek, behintzat, hala deskribatzen du, eta bere larruazala modu metaforikoan jartzen du erakusketa honetan, non bere gorputza biluzten duen, bere esperientzietatik –batzuk traumatikoak– eta oroitzapenetatik artea eginez. Halaber, egungo gizartearen eta berdintasunezko gizarte baterako oinarriak ezartzen dituen hezkuntza-sistemaren ikuspegi kritiko eta batere atseginetik egiten du, klixerik eta estereotiporik gabe", azaldu du Iruñeko Udalak.
Hainbat arte-diziplina erabili ditu lan kritiko hau egiteko, eta modelo ere bihurtu da artista, bere burua islatu baitu hainbat egoeratan, pertsonaia ezberdinak gorpuztuz. Bere asmoa ez da autorretratuak sortzea izan, maskulinitatearen arketipoen irudikapenak baizik. "Rolen miaketa horretan, Eguarasek gertakarien eta lekuen oroitzapenetara jo du, baina baita oroitzapen horien ondorioz sortutako fantasietara ere, errealitatearen eta irudimenezkoaren arteko komunikazioan, eta horrek ideiak adierazteko modu berriak ekarri ditu", adierazi dute antolatzaileek.
Lizarrakoa da Jaime Eguaras, eta Arte Ederretan graduatua Euskal Herriko Unibertsitatean. Haren sorkuntzek arreta berezia eskaintzen diete maskulinitate-ereduei eta migrazio-politikei, besteak beste.