Gizonak eta emakumeak, Marte eta Venus? (II)

Gizonak eta emakumeak, Marte eta Venus? (II) https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gizonak-eta-emakumeak-marte-eta-venus-ii/@@download/image/89p44ezpain.jpg
2008/10/03
erreportajea
Nerea Sancho psikologoa eta Sexologoa
Gizonak eta emakumeak, Marte eta Venus? (II)
Aurreko zenbakian, neskek eta mutilek komunikatzeko erabiltzen dituzten era ezberdinez aritu ginen, eta azalpen horren barruan, begirada eman genion modu maskulinoari, "kode urdinari" alegia. Oraingoan, modu femeninoaz arituko gara: "kode arrosa" ezagutu nahi duzu?

Gogora ekar ditzagun kontzeptuak. Aurreko GAZTEZULOn, komunikatzeko modu maskulino propioa zegoela esan genuen, eta "kode urdina" izena jarri genion. Modu femeninoa berriz, "kode arrosa" izenaz bataiatu genuen. Aipatu genuen kode hauek trukagarriak direla, eta, beraz, "kode urdina" neskengan ere topa dezakegula, ohikoa ez izan arren. Bestalde, zenbait mutilek "kode arrosa" erabiltzen dute, baina askoz errazagoa da neskengan topatzea.

Beraz, hel diezaiogun kode arrosari, eta horretarako, erantzun ditzagun galdera hauek:
-Gertatu al zaizue, bikotea kontsolatu nahian, ezustean hura haserreturaztea?
-Bikotea asko maite duzuen arren, hura inoiz kexatu al zaizue, "zuk ez nauzu maite" esanez? Horrelako sorpresarik izan al duzue?

Pertsona asko, sinetsita gaude, badakigula ondokoa entzuten eta gure maitasuna neurrian adierazten… izan ere, gure burua tratatua izatea nahi genukeen modu berean tratatzen dugu gure ondokoa. Kontua da, sarritan, gure ondoko lagunaren beharrak desberdinak direla, besteak beste, bi sexuak berdinak ez direlako.

Hiru adibide kode arrosaz

"Kode arrosaren" ezaugarri batzuk ikusi ahal izateko, bikote iraunkor batean gerta daitezkeen ohiko gaizki-ulertu pare bat deskribatuko ditugu. "Kode arrosa" emakumezkoak erabiltzen duela aurre-suposatuko dugu, eta "kode urdina" gizonak. Izeba-iloben artean, lankideen artean, edota bi lagunen artean ere gerta daitezke antzeko egoerak. Ikus dezagun.

Demagun gure neska pittin bat aztoratuta dagoela. Bere kezkak, kexak, pentsamenduak eta desioak adierazteko, egunean zehar gertatu zaizkion gorabeherak kontatzen dizkio mutilari. Neskak ondokoa nahi du: mutilak adi entzutea, interesa jartzea, bera ulertzea eta besarkatzea. Neskak barrena hustu nahi du, bere sentimenduak adierazi.

Mutilak, neskaren kezkak entzutean, hura irtenbide bila dabilela ulertzen du, eta isil-isilik entzun ordez, neskaren solasaldia eteten hasten da, eta neskaren arazoentzat irtenbideak proposatzen hasi. Mutilak fede onez egiten du hori, bihotzez. Neskak, aldiz, ezin du bere pentsamenduen haria jarraitu: bere solasaldian etengabe moztua sentitzen da, ez da ulertua sentitzen, eta gaizki sentitzen da, etsituta.

Nola joka zezakeen mutilak neska ez etsitzeko? Mutilak isilik eta adi entzun zezakeen; burua mugituz, edo "bai, bai" esanez, haria jarraitzen duela eta neska inporta zaiola jakinaraziz, eta kontaktu fisikoaren bitartez bere babesa eskainiz. Mutilaren jarrera hori lagungarria izan bada, hizketaldia amaitzerakoan, neskak adi entzun izana eskertu diezaioke, horrek on egin diola jakin dezan. Modu honetara, gatazka asko ekidin ditzakegu, eta bien arteko harremana indartzen lagundu.

Beste adibide bat. Gizon askok euren emakumeak biziki maite dituzte, baina emakume hauek ez dira benetan maitatuak sentitzen, eta horrek harremana mugatu egiten du. Emakumeentzat detailetxoak oso garrantzitsuak dira maitatuak sentitzeko: askotan besarkatzea, laguntza txikiak eskaintzea, opari xumeak egitea, data bereziez oroitzea, aldez aurretik planak egitea, telefonoz hots egitea… ezinbestekoa da detaile hauek eguneroko bizitzako parte izatea. Oso noizbehinkakoak badira, emakumea benetan zoritxarreko senti daiteke.  

Entrena zaitezte, merezi du eta!

sexesaldia


Bernard Shaw-ek esana:  “ez egin besteei, zuri egitea gustatuko litzaizukeena. Behar bada, beste gustu batzuk dituzte”.

Sexideia



Bakarka ala konpainian Oso lanpetuta daudenentzat: agenda hartu, eta aldez aurretik pentsatu noiz izan sexu-jolasak.

KonpainianSexukidearen gorputzean nocilla, natillak, jogurta jarri, urtutako txokolatea, izozkia… eta txupatu.

Sexkubidea


Oinarri zientifikoa duen informazioa jasotzeko eskubidea: eskubide hau kanpo eraginik gabeko prozedura zientifikoak gauzatu behar du, informazioa gizarte maila guztietara modu egokian zabal dadin.

Sexeguna


Urriak 7: Espainian antisorgailuak legeztatu zituzten eguna (1978)
Urriak 18: Menopausiaren Mundu Eguna.