Giza itxurako robotak haurdun?

Giza itxurako robotak haurdun? Enbrioi bat umetoki artifizialean garatzeko gai den giza itxurako robota garatzen ari dira zientzialari txinatarrak. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/giza-itxurako-robotak-haurdun/@@download/image/GzX1jQyWMAA9NnT.jpeg
2025/09/03

Testua: Maitane Legarreta

Enbrioi bat umetoki artifizialean garatzeko gai den giza itxurako robota garatzen ari dira zientzialari txinatarrak.
Giza itxurako robotak haurdun?

Kaiwa Technology enpresa txinatarrak umetoki artifiziala duen giza itxurako robot baten garapenean ari dela iragarri du Pekinen izandako Roboten Munduko Biltzarrean.

Giza itxurako robotak likido amniotiko sintetikoz betetako umetoki edo utero artifiziala izango luke, eta hodi baten bidez jasoko lituzke, bederatzi hilabetez, beharrezkoak diren nutrienteak. Ugalketaren prozesu biologikoa imitatzeko diseinatutako tramankulua izango litzateke, beraz, Zhan Qifeng medikuak zuzendutako taldea garatzen ari dena.

Zenbait ikerketetan "bipoltsak" erabili izan dituzte animalia goiztiarrak laborategian bizirik mantentzeko eta sistema horretan oinarritzen da, antza, proiektua. Oraingo honetan, ordea, teknologia hori giza itxurako robot baten barruan txertatzea da asmoa.

Kaiwa enpresak adierazi duenez, teknologiaren garapena aurreratuta dago. 2026an prest egon omen liteke lehen prototipoa, eta 12.000 euro inguru balioko lituzke. Badira, ordea, argitu gabeko zenbait alderdi. Ez dute azaldu nola egiten den enbrioi-ezarpena eta ezta nola ernaltzen den ere sabel artifizialaren barruan. Gainera, kontuan izan behar da Txinak oso arau zorrotzak dituela enbrioien ikerketaren eta subrogazioaren inguruan eta, hortaz, zalantzazkoa da halako makina bat legalki erabili ahal izateko aukera.

Ulertzekoa denez, iragarpenak eztabaidak sortu ditu mundu mailan. Alde batetik, hainbat zalantza eta galdera eragin ditu gurasoen eskubideen, modu horretan jaiotako umeengan izan dezakeen eragin psikologikoen eta prozesu biologikoetan robotak erabiltzearen inguruan. Beste aldetik, familiarik izan ezin dutenentzako aukera aproposa izan daitekeela ere .

Zenbait medikurentzat proiektu ankerra da, enbrioiari amarekiko elkarrekintza biologikoa kentzen diolako. Horretaz gain, haurdunaldiaren hainbat alderdiri buruzko kezkak ere badituzte, esaterako inmunitate-sistemaren eginkizuna, amaren hormonak eta garunaren eta umetoki barneko ingurunearen arteko harremana. 

Eztabaida mahai gainean dago, beraz, eta hainbat dilema etiko piztu ditu. Non jarri beharko lirateke bioteknologiaren mugak? Horixe dugu erantzun beharreko galdera.