Giza eskubideen urraketak eta horien aurrean antolatutako erresistentziak erakutsiko ditu Hernaniko 'Hariak' zinema jaialdiak

Giza eskubideen urraketak eta horien aurrean antolatutako erresistentziak erakutsiko ditu Hernaniko 'Hariak' zinema jaialdiak Hamahiru ikus-entzunezko proiektatuko dituzte datorren astetik aurrera. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/giza-eskubideen-urraketak-eta-horien-aurrean-antolatutako-erresistentziak-erakutsiko-ditu-hernaniko-hariak-zinema-jaialdiak/@@download/image/Kartela_Hariak_page-0001.jpg
2022/10/28

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Hamahiru ikus-entzunezko proiektatuko dituzte datorren astetik aurrera.
Giza eskubideen urraketak eta horien aurrean antolatutako erresistentziak erakutsiko ditu Hernaniko 'Hariak' zinema jaialdiak

Hariak, erresistentzia istorioen zinemaldia zine jaialdiaren lehen edizioa antolatu dute azaroaren 3tik 13ra , eta bederatzi film luze eta lau film labur emango dituzte Kulturarteko Plaza Feministan. Jatorri eta gai desberdineko lanek osatuko dute egitaraua eta proiekzio bakoitzaren ondoren, solasaldi eta mahai inguruak izango dira.

Antolatzaileek azaldu dutenez, “munduan zehar ematen diren giza eskubideen urraketak ikusaraziko dituen zine zikloa izango da, baina batez ere, urraketa horien aurrean antolatutako erresistentziei leku egingo diena. Horiek baitira istorio hauek guztiak elkarren artean lotzen dituzten hariak”. 

Azaroaren 3an eskainiko dute lehen lana, Mexikoko Flores de la Llanura film laburra. Egun berean, Tras las huellas de l_s desaparecid_s izeneko erakusketa ere inauguratuko dute. Hurrengo egunean, El Salvadorren abortatzeagatik kartzelan dauden hamasei emakumeren inguruko Nuestra Libertad filma eskainiko dute. Gaian aditua den abokatu bat eta Askabideko ordezkari bat izango dira solasaldian.

Azaroaren 5ean, larunbata, Alba Sotorraren La vida después del Isis dokumentala ikusi ahal izango da goizean, eta arratsaldean Como yo quiera filma. Egipton pasa den hamarkadan izandako iraultzaren manifestaldietan bortxaketa masiboak izan ziren, eta emakumeek erresistentzia antolatu zuten. Olga Rodriguez kazetaria bertaratuko da bi pelikulen inguruan solas egiteko. 

Astea amaitzeko, azaroaren 6ko goizean, Els nostres George Floyds dokumentala izango da ikusgai, eta Marc Almodovar eta Ricard Gonzalez zuzendariak izango dira bertan. Arratsaldean, berriz, Arantza Santestebanen 918 gau pelikula emango dute, egilearen kartzelako egonaldiaren inguruko bizipenak eta hausnarketak biltzen dituena. 

Herriko ikastetxeko ikasleekin ere egingo dute saioa azaroaren 9an. Kalean film laburra ikusi, eta protagonistekin solasaldia izango dute. Biharamunean, Afrikako gazteei buruzko bestelako begirada islatzen duen Indestructibles dokumentala proiektatuko dute eta Xavier Aldekoa eta Alfons Rodriguez izango dira han.

Azaroaren 11n, Ane Irazabal eta Cosimo Caridiren Awlad Hesiak gainditu dokumentala ikusi ahal izango da. Errefuxiatuak diren lau haurren istorioa kontatzen du eta hezkuntza formala lortzeko eguneroko borroka deskribatzen du. Ane Irazabalek streaming bidez parte hartuko du.

Irun-Hendaia eta Mexikoko mugen inguruko Ipar Basatia filma eskainiko dute azaroaren 12an. Aquí estamos filma ere proiektatuko da, Kanariar Irlak Europarako sarbide nagusi bilakatu izanak ekarritako egoera salatzen duena. Javier Rios zuzendaria eta Loueila Mint El Mamy migranteen eskubideen alde lanean ari den abokatu sahararra izango dira solasaldiko protagonistak.

Azkenik, azaroaren 13an, Almeriako emakume jornalarien esplotazioa eta eskubideen urraketa salatzen duten bi film labur emango dituzte: Vecinas, vivas donde vivas eta Vidas invisibles. Mujeres migrantes bajo el plástico. Hainbat jornalari eta ekintzaile bat izango dira Hernanin.