Giza Eskubideen 21. Zinemaldiko Gazte Epaimahaian parte hartzeko izen-ematea ireki dute
18 eta 30 urte bitarteko ehun eta berrogeita hamar gazte inguruk osatuko dute Gazte Epaimahaia apirilaren 12tik 19ra izango den Giza Eskubideen Zinemaldiaren 21. edizioan. Film labur onenaren saria aukeratuko dute epaimahaiko kide direnek.
Parte hartzen dutenek Victoria Eugenia Antzerkira joan beharko dute apirilaren 11n, arratsaldez, film laburrak ikusteko saiora, Saioa 16:30etik 20:30era izango da gutxi gorabehera. Horretaz gain, Zinemaldian zehar, 19:00etako saioen %80ra joan beharko dira gutxienez.
Gazte Epaimahaian parte hartuko duten Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU), Deustuko Unibertsitateko eta Ikus-entzunezko graduko Mondragon Unibertsitateko ikasleek ECTS kredituak izango dituzte. Gainera, epaimahaikide lana egingo duten gazteek Zinemaldiko programazio osoa doan ikusteko aukera izango dute.
Giza Eskubideen Zinemaldian gai sozialei buruzko film laburrak izango dira ikusgai. Proiekzioez gain, beste hainbat jarduera ere izango dira, besteak beste, solasaldiak eta erakusketak. Film labur onenak 3.000 euroko saria jasoko du.
Gazte Epaimahaian kide izateko www.zinemaetagizaeskubideak.eus webgunean izena eman behar da, martxoaren 15era bitarte. Behar izatekotan, zozketa egingo dute martxoaren 19an.
Oinarriak hemen kontsulta daitezke.
