Giro bikaina Gaztezulo 100 festan

Giro bikaina Gaztezulo 100 festan https://www.gaztezulo.eus/albisteak/giro-bikaina-gaztezulo-100-festan/@@download/image/200910206869mamba_beat.jpg
2012/12/13
berria
Larunbatean lagun, ezagun eta zulozale mordoa hurbildu zen Tabakalerara. Kanpoan fresko egiten bazuen ere, laster erantzi behar izan genituen zamarra eta jertseak. Bertsolariek eta raperoek hasiera polita eman zioten festari, break dantzariek sekulako ikuskizuna eskaini zuten, eta Manba Beat-en manbo elektronikoarekin gozatu ederra hartu zuen jendeak. Dantza batzuk eginaz bukatu zen gaua,  Haritz Sound Sistemekin musikarekin eta beste 100 egiteko gogoarekin. Eskerrik asko denoi!!!

Bederatzietarako hasi ziren Xabier Silveira eta Iñaki Viñaspre bertsolariak lehen puntuak botatzen. Juergarako gogoarekin zegoen jendea eta txalo zaparrada ederrak jo zituen hasieratik. Bertsolari eta raperoen arteko lehia hasterako aretoa dezente beteta zegoen.
Lehia polita izan zen. Gaztezulo zorionduaz eta bertan azaldutako gaiei edo pertsonaiei buruzko kontuekin egin zuten tarte luze bat, eta denetarik esan zuten hortik aurrera. Ez genuke jakingo nortzuk, bertsolariak ala Maisha MC eta Endika Lahaine rap abeslariak, nagusitu ziren esaten, baina girotxoa pizten asmatu zuten, zalantzarik gabe.
Rap erritmoei mugimendua emanaz Bboy Txiki eta Iruñeatik etorritako BBoy Txinok sekulako break erakustaldia eman zuten jarraian. Ezinezko posturak, jauzi ikusgarriak eta sekulako sasoia.  Ikusleen artean, euskaraz egiten den rapa eta bertako break-aren maila asko hobetu dela komentatzen zuen batek baina gehiagok.
Mamba Beat-ekoak euren kontzertuari ekin ziotenerako jendea dantzarako gogotsu zegoen. House-funk doinuak eskaini zituen Bilboko taldeak, eta argiteria bikain batek lagunduta dantzarako pista bihurtu zuten Tabakalerako aretoa. Manbo!!
Gauerditik aurrera, Haritz Sound Sistem-ekin, lasaitze aldera egin zuen aretoko giroak, baina erritmorik galdu gabe. Tragoak, berriketa, musika ona... Eta festa antolatzen hartutako lan guztiek merezi izan zutenaren inpresioa.