Gipuzkoako Natura eta Ingurumeneko Zinema Erakustaldia datorren astean hasiko da

Gipuzkoako Natura eta Ingurumeneko Zinema Erakustaldia datorren astean hasiko da Naturarekin lotutako hamar film eskainiko dira lurraldeko bederatzi udalerritan. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gipuzkoako-natura-eta-ingurumeneko-zinema-erakustaldia-datorren-astean-hasiko-da/@@download/image/Pantaila-argazkia 2022-05-04 084830.png
2022/05/04

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Naturarekin lotutako hamar film eskainiko dira lurraldeko bederatzi udalerritan.
Gipuzkoako Natura eta Ingurumeneko Zinema Erakustaldia datorren astean hasiko da

Gipuzkoako Natura eta Ingurumeneko Zinema Erakustaldiaren II. edizioa maiatzaren 10etik 20ra bitartean egingo da Gipuzkoako bederatzi udalerritan. Zinema erakustaldi honen helburua "gertuen dagoen naturaren kalitatea zabaltzea da, pertsonok naturarekin ditugun harremanetan sakonduz".  Jose Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak azpimarratu duenez, "hamarkada erabakigarri batean gaude aldaketa klimatikoaren aurka borrokatzeko, eta garaia da ingurumenarekiko  sentsibilizazioa berpizteko eta gure gizartea irizpide iraunkorren arabera berreraikitzeko kontzientzia kolektiboa indartzeko".

Iaz 1.600 ikusle baino gehiago izan ziren erakustaldian, eta arrakasta ikusirik, aurten gaiak dibertsifikatu, egoitzak gehitu eta estreinaldiak lortu dituzte. Iaz parte hartu zuten zortzi udalerrietan (Azpeitia, Deba, Donostia, Eibar, Errenteria, Oñati, Tolosa eta Zumaia) izango diren proiekzioez gain, Zumarragan ere izango dira emanaldiak, bi kokalekutan: Zelai Arizti Zineman eta Antigua ermitan. 

Naturarekin lotutako hamar film emango dira bederatzi herri horietan: Mama, Salvajes, Animal, Panteras, Lo que el Pulpo me Enseñó, The Magnitude of All Things, De Quijotes y Semillas, Journey to Utopia, Urak aske, eta La Vida Secreta de los Árboles. Filmen inguruko informazioa eta proiekzioaren hizkuntzaren inguruko xehetasunak dosierrean bildu dituzte. 

Aire libreko kirola eta zabor-bilketa familian
Pablo de la Chica zuzendariaren Mama film labur dokumentalaren protagonista  den Gobernuz Kanpoko Erakundearen alde dirua biltzeko, familia-plogginga antolatu da Higer itsasargian maiatzaren 22an. Plogging-aren helburua hiru kilometroko ibilbidea egitea da, zaborrak bildu eta ingurumena babesteko sentsibilizazioan sakontze aldera. Ibilaldiaren aurretik jolasak, birziklatzeari buruzko zozketak eta aurrez berotzeko baliagarri izango den zumba klasea antolatu dira, eta plogginga amaitu ondoren, aperitibo bat emango zaie parte-hartzaile guztiei. Halaber, pisatu egingo da bildutako zaborra. Izena emateagatik bost euro kobratuko dira eta bildutako dirua Coopera Congo GKErentzat izango da. Erakunde horrek Lwiro-ko primateen errehabilitazio zentroa kudeatzen du, eta zentro horren arduradunak eta zaintzaileak dira protagonistak aurtengo erakustaldia irekiko duen Mama dokumentalean.

Ikastetxeetan proiekzioak
DBHko 1. eta 2. mailako ikasleei zuzendutako naturari buruzko zinema-proiekzioak ere antolatu dira Gnat Zinemaren egoitza diren udalerrien lankidetzarekin. Lexeia Larrañagaren eta Alexander Gutierrezen Natura Bizia dokumentala proiektatuko da hamabi ikastetxetan, eta zuzendariek eurek ere parte hartuko dute, ikasleekin kontzientziazio-hitzaldiak egin ahal izateko.