Hamazazpi taldek joko dute 'Gipuzkoako Ahotsak' musika zikloan
"Gipuzkoako musika sorkuntzaren aniztasunari ahotsa emango dion" musika zikloa antolatu du Kutxa Fundazioak. Gipuzkoako Ahotsak ekimena urritik abendura izango da, Donostiako Tabakaleran kokatutako Kutxa Fundazioa Klubean, eta bertako hamazpi talde edo bakarlarik joko dute, binakako emanaldietan, bat izan ezik.
Bertako talentua babesteko eta ikusarazteko plataforma izan nahi du, eta "beren berezitasun eta sormenagatik egiteko, ulertzeko eta izateko modu berriak proposatzen dituzten ahotsei espazio bat eskaintzea da" asmoa. "Musikaren bidez, artista eta sortzaileek ezarritako arauak desafiatzen dituzte, eta urrunago begiratzeko inspirazioa ematen digute, gizarte irekiagoa, inklusiboagoa eta toleranteagoa sustatuz", azaldu dute.
Musika zikloan parte hartuko duten musikarien aukeraketa egiteko garaian, musikaren kalitatea, profesionaltasuna, iraunkortasuna, ibilbidea, genero-berdintasuna, originaltasuna eta estiloa, musikaren panoraman aktibo mantentetzeko gaitasuna, jasotako kritika eta aitortza, eta Gipuzkoan izandako parte-hartzea hartu dituzte aintzat.
Honako hauek joko dute zikloan: Antuxuna eta Gilda, Zahara Moreno eta Ayvee, Eraul, Eneritz Furyak eta Hatxe, Postal Kolekzionistak eta Aria, Sara Mansilla eta Nuria Culla, Mark Duti eta Letagin, Peachy Joke eta Ander Zubillaga, Ke Lepo eta Alai. Kontzertu guztiak Kutxa Fundazioa Klubean izango dira, 21:00etan.
KONTZERTUAK
Kutxa Fundazioa Klubean (Donostiako Tabakaleran), 21:00etan
Urriak 5: Antuxuna eta Gilda
Urriak 12: Zahara Moreno eta Ayvee
Urriak 19: Eraul
Urriak 25: Eneritz Furyak eta Hatxe
Urriak 26: Postal Kolekzionistak eta Aria
Urriak 31: Sara Mansilla eta Nuria Culla
Azaroak 22: Mark Duti eta Letagin
Azaroak 30: Peachy Joke eta Ander Zubillaga
Abenduak 6: Ke Lepo eta Alai