'Gipuzkoako emakumeak' erakusketa ipini dute Donostiako Aiete Kultur Etxean

'Gipuzkoako emakumeak' erakusketa ipini dute Donostiako Aiete Kultur Etxean Emakume erreferenteak eta talde inspiratzaileak eezagutu daitezke ilustrazioen bidez. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gipuzkoako-emakumeak-erakusketa-ipini-dute-donostiako-aiete-kultur-etxean/@@download/image/collage gipuzkoako emakume.jpg
2024/02/09
Emakume erreferenteak eta talde inspiratzaileak eezagutu daitezke ilustrazioen bidez.
'Gipuzkoako emakumeak' erakusketa ipini dute Donostiako Aiete Kultur Etxean

Gipuzkoako Emakumeak erakusketa Beta editorialaren Euskal Herriko 40 emakume irakurketa errazeko liburuan oinarrituta dago, Cira Cresporen testuekin eta Elena Ciordiaren ilustrazioekin osatua.

Irakurtzeko eta ulertzeko zailtasunak dituzten pertsonentzako izaten dira irakurketa errazeko liburuak eta,hori dela eta, bilduma horretako idatzietan hizkera erraza eta zuzena erabiltzen da. Gainera, tamaina handiko tipografia erabili ohi da, lerroarteko tarte zabalak eta hitz konplexuen definizioak ere jasotzen dira.

Aieteko erakusketan "gure gizartearen aldetik merezitako errekonozimendurik izan ez duten" Gipuzkoako emakume erreferenteak eta gizarte-talde inspiratzaileak bildu dituzte. Hainbat arlotako emakumeak dira, hala nola, idazketa, pintura, pedagogia, kirola, kazetaritza, sukaldaritza edo bertsolaritza, besteak beste.

Ilustrazioetarako hainbat teknika erabili dira, esaterako akuarela, koloretako arkatzak edo collagea. Irudi artistiko batzuetan zenbait lanbidetako emakumeak ageri dira, erraketistak edo saregileak kasu. Beste ilustrazio batzuetan, aldiz, izen propioak azaltzen dira, adibidez, Bizenta Mogel, Elbira Zipitria, Lourdes Iriondo edo Menchu Gal.

Erakusketa apirilaren 7ra arte izango da zabalik; asteartetik ostiralera, 16:00etatik 20:30era, larunbatetan 10:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:00etara, eta igandetan goizeko ordutegian.