GIB-aren transmisioa eragozteko txertoa onartu dute Estatu Batuetan

Estatu Batuetako Elikagaien eta Sendagaien Administrazioak Giza Immunoeskasiaren Birusaren, GIBaren, kutsatzea prebenitzeko tratamendua onartu du.
Yeztugo edo lenakapabirra (izen generikoa), medikamentu antirretrobirala eta injekzio bidezkoa da. Gutxienez 35 kilo pisatzen duten nerabe eta helduei zuzendutako farmakoa da, eta birusa transmititzeko arriskua murriztea du helburu. Kondoirik erabili gabeko sexu harremanen bidez, droga injektatzeko materiala partekatuta edo edoskitzearen bidez ematen dira transmisioak. Izan ere, GIBa odolaren edo mukosen bidez sartzen da organismoan.
Gilead Sciences laborategiak garatu du tratamendua eta egindako bi entsegu klinikok emandako emaitzen arabera, infekzio berriak erabat murriztea lortu du. Entseguetan Yeztugo jasotako parte-hartzaileen % 99,9k negatibo eman zuen.
Sei hilabetean injekzio bidezko dosi bakarra hartuta, urtean bi, babes daiteke pertsona. Gaur egun badira pastilla bidezko tratamenduak, baina eguneroko dosia zorrotz betetzea eskatzen du, kutsatzeko arrisku handia izan dezaketenen kasuan bederen. Kontuan izan behar da askorentzat erakargarria eta aringarria izan daitekeela medikuarenera hain sarri joan behar ez izatea edota egunero pastilla hartzearen estigma saihestea. Gogorra izan daiteke gaiaz eta kondoiez sarritan hitz egin behar izatea, edo egunero pilula hartzen ari zarela ziurtatu beharra.
Trabak ere badira ordea. Kostu handi samarra du gaur gaurkoz, eta Estatu Batuetako kongresua gizarte-egoera ahulenean daudenentzako osasun laguntzarako programan murrizketa handiak egitea aztertzen ari da gainera.
Hala ere, bada esperantzarik. Laborategiak sei enpresa farmazeutikorekin akordioa sinatu du medikamentuaren bertsio generikoak ekoitzi eta errenta baxu eta ertaineko 120 herrialdetan banatzeko. Onarpenaren zain daude oraingoz. Bestetik, errenta altuko herrialdeek ere eskala handian erabiltzea ezinezkoa izango omen denez, Liverpooleko unibertsitateko Andrew Hillek kimikari eta zientzialari talde baten ikerketa zuzendu du, arazoari irtenbidea eman nahian. Haiek ondorioztatu dutenez, seriean ekoiztu eta saltzea bideragarria izan daiteke, eta 22 euroko kostua izango luke pertsonako eta urteko.
Herrialdeek ekoizten hasteko denbora beharko dutenez, konpainiak akordio berezi bat iragarri zuen, Munduko Fondoa tarteko, bi milioi lagunentzako dosiak erosteko.
Kutsadurari aurre egiteko premia
Nazio Batuen Erakundearen datuen arabera, 2024an 1,3 milioi pertsona kutsatu ziren birusarekin, tartean 120.000 haur. Kaltetuenak sexu-langileak, gizonezkoekin sexu-harremanak dituzten gizonak, droga injektatzen dutenak, espetxean daudenak eta haurrak eta nerabeak izan ziren.
Agentzia espezializatuen arabera, 2024an 40,8 milioi lagun bizi ziren GIBarekin, horien % 65 Afrikan. GIBarekin lotutako arrazoiengandik hil zirenak 630.000 izan omen ziren iaz.
NBEk nabarmendu duenez, birusaren aurka egiteko diru-funtsean murrizketak izan arren, zabalkundean lanean ari dira eta 31,6 milioi pertsonak jaso zuten tratamendua 2024an. Aurreko urtean 30,3 milioi izan ziren.
Ez nahastu GIBa eta IHESA
- GIBa: Giza Immunoeskasiaren Birusa. Infekzio honen fasean sintomarik gabe edo sintoma arinekin gertatzen denean esaten da.
- HIESA: Giza Immunoeskasiaren Sindromea. GIBak eragindako gaixotasuna da. Birusak infektatutako pertsonak ahuldutako immunitatearekin, defentsa oso baxuekin, lotutako sintomak edo gaixotasun larriak dituenean gertatzen da.
Beraz, HIESA izateko ezinbestekoa da GIBa izatea, baina GIBa izateak ez du esan nahi ezinbestez HIESA duzunik.