'Geuretik Sortuak' proiektuaren antzezlanen emanaldiak hastear daude

'Geuretik Sortuak' proiektuaren antzezlanen emanaldiak hastear daude Bost antzezlan izango dira guztira eta horietako bi asteburu honetan estreinatuko dituzte. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/geuretik-sortuak-proiektuaren-antzezlanen-emanaldiak-hastear-daude/@@download/image/5275e0a7-7944-47f5-9f3a-5de7b01354a1.png
2022/01/14

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Bost antzezlan izango dira guztira eta horietako bi asteburu honetan estreinatuko dituzte.
'Geuretik Sortuak' proiektuaren antzezlanen emanaldiak hastear daude

Udalbiltzak sustatu eta antolatutako Geuretik Sortuak proiektuaren lehen edizioan hautatuak izan diren antzerki konpainiek euren obren emanaldiak egingo dituzte Euskal Herrian sakabanatutako 27 herritan. Bost dira proiektuaren lehen edizioan hautatuak izan diren antzerki obrak: Metrokoadroka Sormen Laborategiaren Bidaide, Oier Zuñigaren Eresia, Tanttaka Teatroaren Sexberdinak, Lore More Antzerki Taldearen Trapu Zikinak eta Bonbon Beltz konpainiaren Harriminak. Egokitu zaizkien udalerrietan egindako egonaldietan gorpuztu dituzte antzezlanak.

Estreinatzen lehenengoa Metrokoadroka-ren Bidaide izango da. Gaur izango dute lehen emanaldia Atarrabiako Kultur Etxean, 19:30ean, eta igandean Uharteko Arte Garaikide zentroan, 19:00etan. Iruñerriko bi udalerri hauek izan dituzte egoitza beraien egonaldian, eta antzezlana “herrietako erraldoien iruditeriatik modu poetikoan abiatuta, handia eta txikia izatearen arteko aldeaz, herrietako kulturgileen ikusezintasun hautazkoaz edo ez hautazkoaz, kultura bizitzeko moduez” arituko da. Idoia Beratarbide eta Iraia Eliasek zuzendu dute obra, eta Maite Aizpurua, Oier Guillan eta aktore taldeak idatzi. Oholtza gainean Maite Aizpurua, Ainhoa Alberdi, Idoia Beratarbide, Iraia Elias eta Idoia Hernandez “Hatxe” izango dira. 

Asteburu honetan estreinatuko dute Oier Zuñiga nafarraren Eresia. Lurra arin bekizu, ama obra ere. Zuñigak bera, Eneko Gil dantzariak eta Belen Cruz aktoreak eskainiko dute antzezlana bihar Bergarako Seminarixoan, 20:00etan. Bergara, Elgeta eta Antzuolan aritu dira lanketa egiten, eta ama galtzearen dolua izango du ardatz, antzerkia eta dantza tarketatuta.

Tanttaka Teatroaren Sexberdinak Arrigorriagan eskainiko dute urtarrilaren 21ean, 19:00etan. Aitziber Garmendia eta Telmo Irureta aktoreak izango dira agertokian, Arrigorriagako Euskaldun Berria erakusketa gelan. "Garun-paralisia duen kazetariak eta kontraesanetan erdi itota dabilen goxoki saltzaileak, beren bizipen afektibo sexualak azalduko dituzte inolako konplexurik gabe, gutako bakoitzak, norbere paralisiarekin, beldur, amets eta ilusio ezberdinak ditugula erakusteko. Bi lagunen istorioa, umorez eta minez tindatuta.”, azaldu du konpainiak. Mireia Gabilondo da obraren zuzendaria, eta Kepa Errasti eta Telmo Irureta egileak. 

Lore More konpainia nafarraren Trapu Zikinak obra, berriz, Oiartzungo udaletxeko areto nagusian estreinatuko dute hilaren 28an, 19:00etan. Antzinako herri garbilekuetan "emakumeek etxeko trapu zikin erreal eta metaforikoak nola garbitzen zituzten" kontatuko dute. Oiartzungo herri garbilekua izan dute inspirazio obra sortzerako orduan, eta hainbat aurkezpen garbilekuetan bertan egiteko asmoa dute. Lore More arduratu da testuaz eta zuzendaritzaz, eta aktore lanetan Lara Villanueva, Maialen Diaz Urriza eta Mikele Urroz Zabalza arituko dira. 

Bonbon Beltz konpainia zuberotarrarena izango da aurkezpenetan azkena. Oñatin ari dira egonaldia egiten, eta euren Harriminak obra ikusi ahal izateko otsailaren 25era arte itxaron beharko da. Bertan, Titika Rekalt eta Josune Gorostegui harrien eta herrien minei buruz arituko dira, Amancay Gaztañagaren zuzendaritzapean. 

130 antzerki-emanaldi baino gehiagoz osatutako zirkuitua antolatuko du Udalbiltzak 2022an zehar Euskal Herriko zazpi lurraldeetan. Obra bakoitzari buruzko informazioa jaso dute webgunean eta baita hilabetez hilabete osatuko duten agenda ere.