Getxophoto Irudi Jaialdia, elkarbanatzea ardatz hartuta

Getxophoto Irudi Jaialdia, elkarbanatzea ardatz hartuta Teknologia digitalak argazkilaritza eta mundua nola aldatu dituen aztertzen dute parte hartu duten artisten lan askok. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/getxophoto-irudi-jaialdia-elkarbanatzea-ardatz-hartuta/@@download/image/getxo.jpg
2021/09/13

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Irudia: Marisol Ramirez | FOKU

Teknologia digitalak argazkilaritza eta mundua nola aldatu dituen aztertzen dute parte hartu duten artisten lan askok.
Getxophoto Irudi Jaialdia, elkarbanatzea ardatz hartuta

Getxophoto Nazioarteko Irudi Jaialdiaren 15.edizioari irailaren 2an eman zioten hasiera eta hilaren 26ra arte izango da martxan. 'Elkarbanatu' lelopean, artisten argazkiek udalerriko eremua hartu dute. Jon Uriarte komisarioak azaldu duenez, "gaur egungo identitatea nahastua dela adierazten du leloak eta baita teknologia digitalak elkarbanatzea nola aldatu duten eta nola batzuetan guk nahi ez dugun informazioa elkarbanatzen dugun".  Hain zuzen ere teknologia berriek leku berezia dute edizio honetan, teknologia digitalak argazkilaritza nola aldatu duen eta ekonomia eta mundua nola eraldatu duen erakusten duten proiektu asko baitaude.

2007an jaio zen Getxophoto Begihandi elkartearen eskutik, eta helburuak berak izaten jarraitzen dute: herritar moduan eragiten diguten interes orokorreko gaien inguruko elkarrizketa bat proposatzea gizarteari; elkargunerako eta elkarren onarpenerako espazio publikoa berreskuratzea; eta ezohiko formatuen, euskarrien eta erakusketa guneen -fisikoak zein digitalak- esplorazioaren aldeko apustua egitea.

Urte hauetan guztietan, jaialdiak 250 artista baino gehiagoren lana erakutsi du, horietako asko nazioartean ospea dutenak, eta aurten ere hala izango da, hogei bat erakusketaren bidez. Artista horien artean daude Penelope Umbrico, Dina Kelberman, Hoda Afshar, Juno, Marina Caneve, Eleonora Agostini, River Claure, Begoña Salazar, Andrea Muniain, Shelli Weiler eta Sebastian Schmieg. 

Jaialdiak informazioaren irisgarritasunak, migrazio-fluxuek eta desberdintasun ekonomikoek menderatutako mundu batean partekatzearen ideiak izan ditzaken esanahi berriak aztertuko ditu. Horrekin lotuta, digitalizazioaren eragina ardatz duten hainbat proiektu ere bildu ditu, tele-eskariak, memeak, WhatsApp taldeak, eta Instagrameko kontu eta filtroez osatuak egongo direnak, besteak beste. 

Getxophotoren dosierra hemen irakurgai.