Getxon abiatuko da bihar Bertsolari Txapelketa Nagusia

Getxon abiatuko da bihar Bertsolari Txapelketa Nagusia Igandean izango da bigarren saioa, Arrasaten. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/getxon-abiatuko-da-bihar-bertsolari-txapelketa-nagusia/@@download/image/6d0618f0-30b6-4569-89bf-718f3a2f7baf.jpeg
2022/09/23

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Igandean izango da bigarren saioa, Arrasaten.
Getxon abiatuko da bihar Bertsolari Txapelketa Nagusia

Asteburu honetan hasiko da Bertsolari Txapelketa Nagusia. Bihar jokatuko da lehen saioa Getxoko Muxikebarri Zentroan, eta igandean bigarrena, Arrasateko Amaia Antzokian. Bi saioak arratsaldeko bostetan hasiko dira.

Getxon, Agin Laburu Rezola, Alaia Martin Etxebeste, Nerea Elustondo Plazaola, Oihana Bartra Arenas, Peru Abarrategi Sarrionandia  eta Unai Mendizabal Jauregi arituko dira bertsotan. Gai-jartzaile lanetan, berriz, Imanol Artola Arretxe Felix izango da. Arrasateko saioan arituko diren bertsolariak Gorka Pagonabarraga Agorria, Iñaki Apalategi Astigarraga, Joanes Illarregi Marzol, Miren Amuriza Plaza, Saioa Alkaiza Guallar eta Xabier Silveira Etxeberria izango dira, eta Ander Aranburu Arriolak gidatuko du gaiekin.

Bertsolarien lana puntuatzeko epaile taldea ere izango da, noski . Lehen fase honetan Egoitz Iradier Martinez de Albeniz, Eneko Bidegain Aire, Jurgi Fuentes Goikoetxea, Karlos Ibarguren Olalde, Leire Beloki Lizarralde, Miriam Juaristi Urizar eta Saioa Mitxelena Irazoki arituko dira epaile lanetan. 

Arrasateko Internet bidezko sarrerak agortu dira, baina Getxokoak eskuratzeko modua bada oraindik webgunean. Dena den, saioen egunean bertan ere zabalduko dituzte sarrerak erosteko leihatilak, 15:00etatik aurrera, kopurua mugatua izango bada ere. Aretora sartzeko ateak, aldiz, ordubete lehenago zabalduko dituzte, 16:00etan. Sarrerak zenbakitu gabeak direnez, garaiz ibiltzeko gomendioa egin du Bertsozale Elkarteak.

Datozen asteetan ere saio ugari
Lehenengo faseko beste lau saio izango dira datozen bi asteburuetan: urriaren 1ean, Gotaine-Iribarnen; urriaren 2an, Gasteizen; urriaren 8an, Donostian; eta urriaren 9an, Lizarran. Ondoren, finalaurreko saioen txanda izango da, zazpi guztira, eta, azkenik, finala abenduaren 18an, Iruñean.