Gervasio Sanchez kazetariaren 'Indarkeriak,emakumeak, gerrak' erakusketa zabaldu dute Bilbon
Erakusketa honek gatazka armatuetan emakumeek bizi dituzten indarkeria-ereduak kontatzen dituzten 40 istorio ditu ardatz. "Istorio horiek agerian uzten dute bakea lortzeko eta indarkeria amaitzeko ezinbestekoa dela genero-ikuspegia aplikatzea nazioarteko gatazkei irtenbideak bilatzeko eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko", azaldu dute antolatzaileek.
Erakusketaz gain, hainbat dibulgazio jarduera ere egingo dituzte, Dani Alvarezek eta Mikel Reparazek gidatuta. Otsailaren 14an, asteartea, Gervasio Sanchezek Gaurkotasunarekiko topaketak zikloan parte hartuko du, La guerra no es un espectaculo izenburupean. Sanchezek esperientziak eta gaiari buruz duen ikuspuntua partekatuko ditu.
Asteazkenean, hilak 15, Gervasio Sanchez Abandoko Udaltegian izango da, 17:00etan, bere erakusketan bisita gidatua egiteko. Gainera, ikasleekin topaketak ere egingo ditu goiz horretan.
Gervasio Sanchez kordobarra Zaragozan bizi da eta kazetaria da 1984tik. Bere lanak Heraldo de Aragonen argitaratzen dira, eta Cadena Ser eta BBC kateekin kolaboratzen du. 2001az geroztik Albarracin Argazkilaritza eta Kazetaritza Mintegia zuzentzen du. Dozena bat argazki liburu baino gehiago egin ditu eta sari ugaro jaso ditu.
Erakusketa Begoñako Udaltegian ikusi ahal izango da otsailaren 13ra arte, Abandoko Udaltegian otsailaren 15etik 28ra, eta San Inazio-Ibarrekolandako Udaltegian martxoaren 2tik 31ra.


