Gertatu ez zen istripuak izua eragin zuen

Macon Frantzia erdi-ekialdeko hiritik gertu, TGV trenean leherketa bat izan zela zabaldu zuen duela egun gutxi SNCFk Frantziako trenbideak kudeatzen dituen enpresak. Leherketarik ez zen izan, ordea. SNCFk noizean behin simulazioak egiten ditu. Horrelako frogetan, ezbehar larririk gertatuz gero zabalduko lituzketen mezuak erabiltzen dituzte, baina mezu horiek, jakina, ez dira herritarrengana iristen. Oraingoan, baina, SNCFren webguneak berak ere eman zuen leherketaren berri eta baita horrek eragindako hildako eta zauritu kopuru zehatza. Hurrengoan tentu handiagoz jokatu beharko dute!