Geroa hobea izango bada

Geroa hobea izango bada https://www.gaztezulo.eus/albisteak/geroa-hobea-izango-bada/@@download/image/iritzia_joseba__1378717299.jpg
2013/07/08
erreportajea
Testua: Joseba Gaya Mandaluniz (BesteBi elkartea)
Geroa hobea izango bada
2006ko martxoaren 3an Bilboko San Frantziskoko La Posada de los Abrazos harrera etxeak su hartu eta hiru pertsona hil ziren. Gertaera haren harira eta hedabideek zabaldutako desinformazioaren ondorioz, La Posada de los Abrazos-en aldeko mugimendua jarri zen martxan, etxerik gabekoen aldeko mugimendua.


Orduko hartan, alor honetan lan egiten genuen elkarteok ez geneukan batuko gintuen hausnarketa eta elkarlan mahairik. Espazio komun bakarra Bilboko Udaleko arloarteko taldea zen, Udalak berak desaktibatu zuena. Bestea Bizkaiko Foru Aldundiak abiatutako mahaia zen, baina soilik Aldundiak finantzatzen zituen zerbitzuen antolamendu berria adosteko helburua zuen. Hortaz, zorigaiztoko ezbeharrak elkarteon jardunak eta ahaleginak uztartzeko bultzada eman zigun, etxerik gabeko pertsonei ahotsa eman eta hauen errealitatea azaleratzeko.
Ordutik hona gauza asko gertatu dira eta, tamalez, egoerak txarrera egin du nabarmen. Elkarteetatik, 2008ko Gizarte Zerbitzuen Legean genuen jarria itxaropena, zerbitzu mapa bat ezarriko omen zuelako lurralde historiko bakoitzean, eskolekin edota osasun zentroekin egiten den bezalaxe. Baina usteak erdia ustel. Alderdien arteko desadostasunak eta ditxosozko krisiak legearen garapena beste baterako uztera behartu ditu.

Bien bitartean, administrazioetatik murrizketak besterik ez dira heltzen. Krisi barik etxegabea ikusezina bazen jendartearen begietan, orain are gehiago. Oinarrizko errenta gutxitu dute, eskakizunen onarpena gero eta zorrotzagoa da eta, baldintzak beteta ere, Lanbiden ematen zaigun tratua negargarria da. Gu guztion eskubideak dira, ez opariak! Funtzionarioen gizatasun eta profesionaltasun ezak berez zaila den egoera laztu egiten du.

Nola demontre aterako dira aurrera gure artean okerren daudenak horretarako baliabide eta lanabesak (formakuntza, birziklatze prozesuak...) murrizten bazaizkie? Sistemaren porrotari aurre egiteko alternatiba berriak martxan jartzen jarraituko dugu. Geroa hobea izango bada, guk hobetu beharko dugu elkarlanetik eta elkartasunetik.