Gero eta gazte gehiagok telefono ez adimendunen aldeko hautua egiten dute

Gero eta gazte gehiagok telefono ez adimendunen aldeko hautua egiten dute Telefono adimendunek eragiten dituzten ondorioak eta kalteak saihestea izaten da haien asmoa. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gero-eta-gazte-gehiagok-telefono-ez-adimendunen-aldeko-hautua-egiten-dute/@@download/image/pexels-cottonbro-8680091.jpg
2026/06/18

Testua: Maitane Legarreta

Telefono adimendunek eragiten dituzten ondorioak eta kalteak saihestea izaten da haien asmoa.
Gero eta gazte gehiagok telefono ez adimendunen aldeko hautua egiten dute

Gaur egun telefono adimendunei loturik bizi gara gutariko asko, eta oharkabean heltzen diogu telefonoari, beste zerbait egiten ari bagara ere. Gure arreta bereganatzen du eta behin eta berriz jotzen dugu harengana, zeozer galduko ote dugun beldurrez.

Bada, joera hori ikusita, zenbait gaztek telefono ez adimendunak gehiago erabiltzea erabaki du. Egia da gaur egun gizartean gauza askotarako erabili ohi direla adimendunak eta haiek erabat bazterrean uztea ez dela erraza, baina oinarrizko funtzioak soilik dituzten telefonoak eta garai bateko tapadunak berriz agertzen hasi dira gazteen artean. 

Mundu digitalarekiko etena egitea da asmoa, etengabe jakinarazpenak ez jasotzeko, eta eguneko 24 orduetan konektatu egoteko presioari izkin egiteko. 

Izan ere, Harvard unibertsitateko ikerketa baten arabera, adikzioa eragiten duten substantziak hartzean burmuinean aktibatzen den atal bera pizten du sare sozialak erabiltzeak. Etengabe konektatuta egoteak adiktiboak diren dopamina-zirkuluak sortzen ditu burmuinean. Oinarrizko gailuak erabiltzean ez dago pantailan beheraka eta beheraka aritzeko joerarik, eta antsietatea murrizten duela diote gazteek. Gainera, sare sozialetan ikusten dugunak gure bizitza besteenekin alderatzea eragin dezake, eta geure buruarekin gaizki sentitzea. Gure osasun mentalean eragina du beraz.

Telefonoak funtzio gutxi izanda, deitzeko eta mezuak bidaltzeko ez bada, ez dute entretenitzeko bide handirik ematen. Ondorioz, inguruari arreta gehiago jartzeko aukera dago, unean unean egoteko eta baita jendearekin elkarrizketak izateko ere. Mundu digitalari jaramon gutxiago egin eta mundu errealari gehiago erreparatzeko modua izan liteke.

Bestetik, gazteek teknologia enpresek erabiltzen dituzten datuen inguruko errezeloa ere badute, eta telefono zaharrek ez dute halako kontrolik izaten.

Mugikorraren erabilera ere asko murriz daiteke. Adimendun telefonoekin egunean bospaseo edo gehiago igaro ohi ditugu haiekin kateatuta. Besteekin, aldiz, hogei minutu izan litezke egunean, dei luzeak egiteko joerarik izan ezean behintzat. 

Modak ere badu zerikusia noski. Estetika vintagea gogoko dutenentzat osagarri ederra izan daiteke tapa duen telefono horietako bat. Norberak bizi izan ez duen garai batekiko nostalgiari loturik ere badago.

Hala ere, onura horiek izateko ez da nahitaezkoa beste telefono bat erostea edo adimendunak bazterrean uztea. Telefono zaharren batera aldaketa egin daiteke, biak konbinatu edota telefono adimendunean blokeatzeko aplikazioak jarri, nahi adina erabili ahal ez izateko.