Gernikako Astra: “Bideak eta bidaideek aberasten gaituzte. Etorkizuna praktikan ikusten dugu beti, akatsetatik ikasiz eta berrasmatuz.”

Gernikako Astra: “Bideak eta bidaideek aberasten gaituzte. Etorkizuna praktikan ikusten dugu beti, akatsetatik ikasiz eta berrasmatuz.” Badira leku bereziak, hain zuzen bertan elkartzen direnen balore eta grinekin apainduak daudelako. Horietako bat da Gernikako Astra gaztetxea. 2005. urtetik euskal gazteriaren etorkizuna etengabe berritzen eta berrasmatzen dabil. Eurekin elkartu gara gaztetxearen ibilbideaz eta etorkizuneko erronkez hitz egiteko. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gernikako-astra-201cbideak-eta-bidaideek-aberasten-gaituzte-etorkizuna-praktikan-ikusten-dugu-beti-akatsetatik-ikasiz-eta-berrasmatuz.201d/@@download/image/astra 1.jpg
2019/06/06

Testua: Jaione Dagdrommer @hellehellei

Badira leku bereziak, hain zuzen bertan elkartzen direnen balore eta grinekin apainduak daudelako. Horietako bat da Gernikako Astra gaztetxea. 2005. urtetik euskal gazteriaren etorkizuna etengabe berritzen eta berrasmatzen dabil. Eurekin elkartu gara gaztetxearen ibilbideaz eta etorkizuneko erronkez hitz egiteko.
Gernikako Astra: “Bideak eta bidaideek aberasten gaituzte. Etorkizuna praktikan ikusten dugu beti, akatsetatik ikasiz eta berrasmatuz.”

Noiz sortu zen?
Astra, kulturarako fabrika soziala, 2005. urteko abenduaren 24an, goizaldeko 5:00etan, okupatu zuen Gernikako momentuko gazte asanbladak. Astrara sartu ziren gazteek, hainbat helburu zituzten orduan: Astra publikoa izatea, eraikinari erabilera soziala eta kulturala ematea gazteek zein kultur eragile eta norbanakoek erabili zezaten eta Astra proiektua bera, modu parte-hartzaile batean zer izango zen erabakitzea.

Zertarako sortu zen?
Jendartearen parte-hartze zuzena bultzatu nahi duen proiektua da Astra, kulturaren ikuspegi zabala landu, pertsonen eta taldeen ahalmen sortzaile eta sozialean oinarriturik eta hau ere

helburua izanik. Gainera, ekimen sozialaz gain, pentsamendu kritikoa, zein ideia eta ekintzen hedapena egitea ere du badu xede Astrak.

Zein zailtasun izan dituzue?
Zenbait gai edo arlotan sakontzeko denborarik oraindik ez dugu izan, baina etorkizunerako erronka gisa hartzen ditugu hauek eta landu beharreko etxeko lan gisa. Egin beharrekoen zerrenda oraindik luzea da, beste edozein mugimendu sozialetan bezala, eta proiektuan beti egongo da zeri heldu eta zer hobetu. Hain zuzen, horrek mantentzen du bizirik gure etorkizuna eta beraz, gure proiektua. Erratzeko aukera ere eskaintzen du Astrak, akatsetatik esperientzia hartu eta guztion artean indarrak hartu eta elkarlanean aurrera egiten ikastekoa.

Nola funtzionatzen duzue?
Astraren kudeaketak ezaugarri berezi batzuk hartzen ditu bere baitan: Astraren proiektua garatzeko eta espazioaren kudeaketarako ezinbestekoa da elkarrekin pentsatu eta koordinatzea eta baita Astran parte hartuko duten pertsonen, proiektuen, zein taldeen ahalduntzea eta autonomia sustatzea ere, bakoitzaren izaera aintzat izanik. Astrako erabakigune nagusia asanblada da eta honetaz gain beste zenbait taldetan ere antolatzen gara: Kudeaketa batzordea eta lan-taldeak (egitaraua, diruzaintza, azpiegitura, soinu-teknikariak...) esaterako.

Zeinek erabili dezake gaztetxea?
Edozein herritarrek erabili dezake Astra, moldagarria eta askotarikoa delarik. Gure balore edo zutabeetako bat adin-arte jakin batekoa bada ere, esan dezakegu saregilea dela eta beraz, edozeinentzat irisgarria. Askotariko esparruetako pertsonek parte hartu dezakete Astran, espazio komun bat konpartitzen delarik hauen artean: proiektua bera eta honen helburuak. Astra Txiki asanblada dago esaterako, txikienek ere bere tokia baitute Astran, nagusiagook daukagun bezala.

Zein da antolatu duzuen ekitaldirik gogoangarriena?
Asko dira gogoan gelditu zaizkigun momentu bereziak. Adibidez obrak egin ostean inaugurazio jaialdia oso jendetsua izan zen eta Gernika zein inguruetako herritar ugari etorri zen Astrak berriz ere ateak zabalik zituela ospatzera. Esaterako, duela urte batzuk, Astrak 10 urte bete zituela ospatu genuen eta benetan hunkigarria izan zen proiektua bizirik dagoela balorean jarri genuelako eta ezinezkoak ziruditen eta diruditenak okupatzen jarraitzearen grina eta gogoan berretsi genuelako. Urteurren hau oso berezia izan zen eta jende asko batu ginen bertan.

Zer sentitu zenuten Berri Txarrak taldeak Beude abestian aipatu zintuztela jakin zenutenean?
Beste askoren artean, berezia da Berri Txarrak taldea Astran, hauentzako Astra ere berezia den bezala. Duela urte askotatik mantendu da elkarren arteko harremana, bideoklipa bat ere grabatu Astran orain dela denbora bat, Astra zein Berri Txarrak beste fase baten zeudenean alegia.

Euskal Herriko beste hainbat espazio erreferente ere aipatzen dira abestian, eta harrotasunez betetzekoa da kultur eredu baten ikur edo garrantzizko bilakatu izana Astra, ez bakarrik Gernikan, baita hemendik kanpo ere, esaterako Beude abestiaren doinu eta letra jartzen laguntzen. Aldarrikatzen dugun kultur eredu alternatibo hori bozgorailu baten ozen ageri dela entzutean pozik jartzen gara, gure lanaren balioaren zati bat ere ikusten delako hor, egindako eta izandako ibilbidearen balioeste bat nolabait, Astraren ibilbidean aipatzeko ezinbesteko gako bilakatu dena.

Nola ikusten duzue etorkizuna?
Etorkizuna Astra berrasmatzen jarraitzen ikusten dugu. Etengabeko esperimentua da Astra, non momentuan momentuko pertsonek esperimentatzen duten "nola izan" hori. Betidanik, Astran, bideari eman izan zaio garrantzia: azken emaitza edo produktuari bezainbesteko arreta jarri eta egiteko moduei erreparatuz, bideak eta bidaideek aberasten gaituzte. Etorkizuna praktikan ikusten dugu beti Astran, akatsetatik ikasiz eta berrasmatuz, etorkizunerako formula berriak sortzen hasi eta Astrako esperimentua zein momentuko formula belaunaldiz belaunaldi osotuz eta marraztuz joanez.

Zer ekintza, kontzertu eta abar dituzue orain programatuak?
Udaberrian urtero Astran antolatzen dugun ekintza bati emango diogu aurten ere tokia: "Astra Iluntzeak" Ekimen honen baitan, herriko eragile zein elkarteek kontzertu akustikoak antolatzen dituzte Astran elkarlanean eta hilabete baino gehiagoko eskaintza sortzen da. Ekimen hau edo kontzertu hauek, asteazken iluntzeetan egiten dira Astra kanpoko terrazan eta giro ona sortzen da, zerbait afaltzeko aukera ere egoten da. Ekaina bukaeran ematen diogu hasiera "Astra Iluntzeak" ekimenari eta abuztua bukatu arte irauten du normalean. Herritarren parte-hartzea oso positiboki baloratu izan dugu urtero eta hori dela medio, Astrako eragileak, antolatzeko gogoz izaten dira Astrako eragileak uda heltzera doanean. Aurtengoan ere, egitarau zabal eta interesgarria espero dugu.