George Clooney: Ileurdin xarmagarriena

George Clooney: Ileurdin xarmagarriena https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2012/12/13
erreportajea
George Clooney: Ileurdin xarmagarriena
Atsegina, ederra, aberatsa eta… ezkongai. Gizon perfektua da George Clooney, ezbairik gabe. Bere bihotza tren bat bezalakoa da, ordea. Neska asko igotzen da bertara. Eta, beste horrenbeste, jaitsi. Max da beti bere bihotzean geratzen den bakarra. Apurtu aurretik Kelly Preston neskalagun ohiak oparitu zion txerritxoa, alegia. Munduko ileurdinik kilikagarriena Travoltarengatik abandonatzea ere! Larunbat gaueko sukarrak izanen zuen errua…
Kentuckyn jaio zen George Timothy Clooney. Lexington hirian, hain zuzen ere. 1961. urteko maiatzaren 6an, zehatz-mehatz. Telebista aurkezle famatu baten semea zen arren, kazetaritzaren munduak ez zuen inoiz erakarri. Baseball jokalari izatea baitzen bere amets bakarra. Gauzak horrela, Cincinnatti Reds taldean sartzeko saio bat ere egin zuen. Baina alferrik. Ez zuten onartu. Hortaz, ametsak lehertu zitzaizkionean, unibertsitatea utzi eta Los Angelesera jo zuen aktore bihurtzeko asmoz.
Sinestezina dirudien arren, porrot egin zuen hasieran. Apurka-apurka, ordea, ezagun egiten hasi zen. Horretarako, oso telesail kaskarretan parte hartzeaz gain, "Return of the Killer Tomatoes" bezalako ekoizpen lotsagarrietan ere lan egin behar izan zuen. Antzeko ekoizpen kerratuak egitera kondenatua zegoela zirudienean, baina, arrakasta iritsi zitzaion "ER" ("Urgencias") telesailarekin. Ordutik aurrera, zinemaren ateak ireki zitzaizkion. Hala, azken urteotan "Batman & Robin" gisako ekoizpen komertzialetan ezezik, Steven Soderbergh, Terrence Malick eta Coen anaiekin ere egin du lan. Aurten, gainera, bere estreinako filma zuzendu du: "Confessions of a Dangerous Mind".
Maitasun kontuetan ere gaizki doakionik ezin esan. Neskarik ez zaio falta, behintzat. Talia Balsam aktorearekin lotzen zuen ezkontz-harremana apurtu eta gero, emakume anitz igaro baita bere besoetatik. Aipagarrienak, beharbada, Kimberly Russell, Nicole Kidman, Julia Roberts, Lucy Liu eta Renée Zellweger aktoreak eta Naomi Campbell, Elle MacPherson, Cindy Crawford, Lisa Snowdown eta Céline Balitran modeloak lirateke.
Prentsa sentzazionalistak sarri etikarik gabeko promiskuotzat jo duen arren, ez dirudi Clooneyri kontzientzia alatzen zaionik. "Ezkongai eta libre nago. Ez dut bekaturik egin eta ez naiz egindako ezertaz damutzen. Promiskuoa izan naiteke, agian. Oso pertsona etikoa naiz, ostera. Aitak Sorgin Ehiza sufritu zuen eta haren irakaspenak ez ditut inoiz ahaztuko. Ez naiz sekula botere, diru ala famaren tentazioan erori. Gizon inperfektua naiz. Aitortzen dut. Baina onestasuna eta egia izan dira beti ene jokabidearen ardatz".