Genero berdintasuna lantzen duten 8 telesail interesgarri

Genero berdintasuna lantzen duten 8 telesail interesgarri Asteburuaren atarian zaude, eguraldi txarra iragarrita dago eta ez duzu telesail interesgarririk ikusteko? Lasai, zu salbatzera gatoz eta! Genero berdintasunaren gaia lantzen duten 8 telesail aukeratu ditugu zuretzat. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/genero-berdintasuna-lantzen-duten-8-telesail-interesgarri/@@download/image/Cine-feminista.jpg
2021/04/30

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Asteburuaren atarian zaude, eguraldi txarra iragarrita dago eta ez duzu telesail interesgarririk ikusteko? Lasai, zu salbatzera gatoz eta! Genero berdintasunaren gaia lantzen duten 8 telesail aukeratu ditugu zuretzat.
Genero berdintasuna lantzen duten 8 telesail interesgarri

I love Dick
Izen bereko Chris Kraus-en eleberria telesail egina. Texas-eko bikote ezkondu baten istorioa kontatzen du. Bikotea zine zuzendari independente batek eta bere senarrak osatzen dute. Dick deitutako irakasle karismadun batekin obsesionatzen dira biak. Obsesio honen bitartez, Kathryn Hahn-ek gorpuztutako protagonistak bere buruaren ezagutzarako bidaia bat burutuko du eta gauza asko birplanteatzen hasiko da. 


The Marvelous Mrs Maisel
Ezinezkoa da Maisel andrea ez maitatzea. 50. hamarkadako andre tipiko bezala aurkezten da lehen atalean, bere senarrarentzat eta seme-alabentzat bizi dena. Bere bizitzak 180 graduko itzulia emango du ordea, bere senarrak harremana hausten duenean. Eta orduan dator onena. Gure protagonistak komediarako duen talentu izugarriaren berri izango du eta gaueko klubetan bakarrizketak egiten hasiko da. Gizonezkoz beteriko munduan oztopo ugari aurkituko ditu, baina ez du etsiko. Agertokira atera aurretik duen gerra oihuak oso ondo defenitzen du: Tits up! (Titiak gora!)


The Handmaids Tail
Agertzen duen biolentzia eta tentsio mailagatik eztabaida ugari sortu dituen telesailak bere denboraldi berria estreinatu du oraintxe. Askotan zaila da begirada pantailan mantentzen, baina beharrezkoa da agertzea emakume askok egunerokotasunean bizi duten indarkeria hori. Margaret Atwood idazlearen eleberrian oinarrituta dago telesaila eta June da mundu distopiko horretako protagonista. Beste edozein emakumeri bezala, bere askatasuna ukatua izan zaio gizarte berri batean barruan eta sisteman goian dauden beste batzuentzat umeak sortzea izango da bere egitekoa. 


Fleabag
Kuttunetan kuttunena. Phoebe Waller-Bridge handia da bere sortzailea eta baita protagonista ere. Bertan 30 urte inguruko emakume bat azaltzen da, bere lagunik onena galdu ostean, bizitza krisi baten erdian. Bera lotsagabea da, inkonformista eta feminista eta guztiari umorez egiten dio aurre. Askotan hausten du laugarren horma deitutakoa eta ikuslea istorioaren parte bilakatzen du. Ni epaitzen ari zara?


The Bold Type
Hau berriz, moda munduari buruzko telesail bat da, non emakumeak protagonista diren, eta elkar laguntzen diren eta elkar maitatu. Lagunak dira bai! Moda aldizkari bat daramate eta maitasunaz hitz egiten dute, modaz, kristalezko sabaiaz, sexualitateaz ahoan bilorik gabe. Komedia freskoa benetan. 


Dietland
Bere leloa Join the revolution (batu iraultzara) da. Telesail honek agerian uzten du emakumearen edertasunarekin, argaltasunarekin eta kanon estetiko oso zorrotzekin obsesionatua dagoen gizartea. Gure protagonista idazlea da moda aldizkari batean eta gizenfobia pairatzen du. Hala ere, bere burua maitatzen eta onartzen saiatzen da. 


Little Fires Everywhere
Istorio ezberdinak kontatzen dituen istorioa da. Jatorri ezberdinetako eta klase sozial eta profesional ezberdinetako emakumeena. Deseroso sentiarazten du modu sotilean ikuslea. Bi protagonista elkartzen ditu telesailak. Biak oso ezberdinak izan arren, ama dira biak eta horrek elkartzen ditu. Honi Mia-ren istorioaren misterioa gehitu behar zaio, azken momentura arte ez dena jakiten. 


Transparent
Mort Pfefferman unibertsitateko irakaslea da eta bere hiru seme-alabak elkartzen ditu beti emakume sentitu dela kontatzeko, eta momentu horretatik aurrera emakume bezala biziko dela jakinarazteko. Hemendik aurrera garatzen da trama eta Maura-ren trantsizio prozesua behatuko dugu. Telesail hunkigarri eta polita da.


Guztiak ikusiak al dituzue? Ziur baten bat falta zaizuela, zeren zain zaudete?