Gehien errepikatzen diren ametsen esanahia

Gehien errepikatzen diren ametsen esanahia Ziur gertatu zaizula: hortzak erortzen zaizkizu, zure atzetik jarraika norbait dabilela sentitzen duzu edo hegan zabiltzala amestu duzu. Guztiek dute arrazoi bat. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gehien-errepikatzen-diren-ametsen-esanahia/@@download/image/girl-1733352_640.jpg
2019/10/14

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Ziur gertatu zaizula: hortzak erortzen zaizkizu, zure atzetik jarraika norbait dabilela sentitzen duzu edo hegan zabiltzala amestu duzu. Guztiek dute arrazoi bat.
Gehien errepikatzen diren ametsen esanahia

Behera begiratzen duzu. 100 pisu baino gehiago. Eraikin baten teilatuan zutik zaude. Gaua da eta haize leun bat dirudiena sekulako haize bortitz bihurtzen da. Ikaratuta zaude, ezin baituzu bertatik atera, haizearekin balantzaka zabiltza eta erortzear zaude. Amildegira erortzen bazara badakizu heriotza segurua dela. Eta halaxe gertatzen da: erortzen hasten zara. Tanpez, esnatu egiten zara, ametsetan ari zinen. Ziur gertatu zaizula, ezta? Oso ohikoa da erortzen ari garela amestea, baina ez da amets errepikakor bakarra.

Hemen gehien errepikatzen diren ametsen zerrenda:

Hegan egitearekin amestu
Amets errepikari guztiak ez dute zertan negatiboak izan. Kasu honetan, askatasun sentsazioa eskaintzen digu hegan egitearekin amesteak. Zantzu onak dakartza amets mota honek. Pertsona guztiek duten inspirazio komuna adierazten du eta helburuak jarri eta betetzea. Langen gainetik eta lurreko oztopoen gainetik hegan egiteak ametsak lortzea sinbolizatzen du. Giza itxuran hegan egiten bada esan nahi du arrakasta modu naturalean iritsiko dela lana eginez, hegazti itxuran hegan egiten bada zortea lagun izan ohi dugu. Freud-en arabera, amets mota honek bizitza sexualarekin ere zerikusia du, orgasmo eta erekzioekin hain justu.

Erortzearekin amestea
Amets gaizto bat bezala ulertzen da amets hau eta bigarren errepikakorrena da. Gehiegizko antsietate eta estresaren adierazle dela esan ohi da, eta eguneroko arazoak kudeatu ezin direnetan azaltzen da. Gainera porrotak sortzen digun beldurra ere ordezkatzen du. Erorketa, amildegi batetik beharrean, txikia bada eta besteen aurrean gertatzen bada, jendearen aurrean barregarri agertzearen beldurra islatzen du edo besteei ahultasuna erakustearen ikara.

Atzetik norbait jarraika duzula amestea
Esanahia ez da asko urruntzen literalki eszena horrek esan nahi duenetik. Eszena horrekin amesten baduzu egoera edo sentimendu batetik ihes egiten saiatzen ari zara. Zer den zehazki ulertzeko beharrezkoa da norbere bizitza aztertzea ihesaldi horren arrazoia aurkitzeko. Batzuetan harreman toxiko bat izan daiteke, edo gustuko ez dugun lan bat... Altuan esaten ez ditugun sentimenduak dira, baina guregan presente daudenak gu ohartzen ez bagara ere.

Heriotzarekin amestea
Beharbada entzun duzu heriotzarekin amesten duena bizitzeko gogo izugarriekin dagoela edo energia ikaragarriz gainezka. Hau da amets honen ohiko interpretazioetako bat. Maiz esnatzean erreala izan denaren sentsazioa eduki daiteke. Horrek, besterik gabe, erakusten du pertsona sentsiblea zarela. Askotan errepikatzen den ametsa baldin bada zure egunerokoan arreta jartzea komeni da eta baita terapeuta batengana joatea ere. Ametsa beldur edo kezkarik gabe ematen bada, momentuko kezketatik askapen bat izan daiteke. Hasieran esan bezala heriotzaren aurkako den esanahia izan dezake: sendatze bat, berpizte bat. Zure inguruko norbait, maite duzun norbait, hiltzen dela amesten baduzu zuen arteko harremana nolabait eboluzionatu egin delako da, aldaketa bat islatzen du.

Hortzak erotzen zaizkizula amestea
Amets gaizto hau ere oso ohikoa da eta esanahia ezberdinak ditu. Batez ere, autoestimu arazoekin lotzen da, segurtasun faltarekin edo nortasun konfliktoekin. Gutaz besteek gaizki pentsatzearen beldurra ordezkatzen du, besteen epaiaren beldurra edo onartua ez izatea. Amets hau ohikoagoa izaten da nerabezaroan. Metaforikoki hortzak beste batzuengatik ordezkatuak izateko erortzen dira garai honetan. Halere, frustrazio bat islatu lezake. Hortzak gure gorputzaren zati dira, zati oso ikusgarria gainera. Horiek erortzen zaizkizula amesten baduzu beharbada, ez duzu lortzen jendeak zu entzutea, horrek dakarren unadura eta ezinegonarekin.