Gehiegi edaten ari ote gara koarentenan?

Gehiegi edaten ari ote gara koarentenan? Hona hemen datu bat: Espainiar Estatuan garagardo salmenta %70 hazi da konfinamendua hasi zenetik. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gehiegi-edaten-ari-ote-gara-koarentenan/@@download/image/1584624705373-3_18_2020_DRINKING_WHILE_SOCIAL_DISTANCING_CV.jpg
2020/03/27

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Hona hemen datu bat: Espainiar Estatuan garagardo salmenta %70 hazi da konfinamendua hasi zenetik.
Gehiegi edaten ari ote gara koarentenan?

Tragotxo bat Skype-tik, stories-ak gin-tonica eskuan, itxialdia arintzeko ardo botilak Ziur horrelako irudi asko ikusi dituzula sare sozialen bidez, beharbada zuk zeuk sortu duzu horrelako edukiren bat. Ohikoa bihurtzen ari da gure lagunekin hitz egiten dugun bitartean, ordenagailuaren aurrean ardo kopa bat edo alkohol dun zerbait hartzearena. Badirudi beraz, normalean baino alkohol gehiago hartzen ari garela itxialdian, egia al da?

Azken asteko erosketen azterketak hala erakutsi du. Komuneko paperaren hasierako euforia desagertu ondoren alkoholarena igo da. Graduazio altuko alkoholaren salmenta %20 igo da eta garagardoarena %70, aipatu dugun bezala. Horrela, etxean edatearen ohitura hedatzen ari da. 

Horrek arazoak ekar ditzake, eta lehen zurrutari soziala zenak, koarentena bukatzerako alkoholarekin arazoak eduki ditzake. Hala ere, adituek diotenez, ez da dirudien bezain kezkagarria. Etxean gehiago kontsumitzen da bai, baina lehen taberna batean egiten zena ordezkatzeko helburuarekin. Beraz, oraingoz, ez da horren dramatikoa egoera. 

Alabaina, ez du esan nahi joera honek arriskurik ez duenik. Arrazoia? Aspermena. Koronabirusaren arazoa ondoezera hurbiltzen den aspermena dela, antsietate eta estres askokoa baita. Molotov koktela da estresa eta antsietatea alkoholarekin nahastea. Honek aldaketak eragiten ditu sistema nerbiosoan ongizatea eta alkohola uztartzen dituen ideia indartuz.

Hori da arriskutsua dena, ondoeza sendatzeko alkohola erabiltzea. Adibidez, lagunekin taberna batean alkohola edatean, erabilera soziala ematen diozu alkoholari, lagunartean zaude eta ondo pasatzen ari zara. Alkoholaren arriskua ondo ez zaudenean erabiltzean sortzen da, orduan ezinbesteko bilakatzen baita. Honek aldaketa neuroplastikoak eragiten ditu garunean eta adikzio bilakatzen da. Horrela, aspermenaren eraginez ez aspertzearen eta alkoholarenarteko lotura indartu daiteke. Kronifikatu daitekeen ohitura da, eta horregatik tentuz ibili behar dugu.

Hori horrela, Skype-tik lagunekin tragoak hartzeari utzi behar al genioke? Ez noski. Lehen egiten zenuen tamainan egiten bada ez da zertan kezkatu. Argi dago alkoholaren kontsumo orok duela arriskuren bat, baina lehen egiten zen neurrian egiten bada ez du zertan harago joan eta ohitura bihurtu. 

Baina egoera honetan, beste galderak ere sortzen dira: lehen nituen edateko ohiturak osasuntsuak al ziren? Zurrutari soziala al naiz? Zurrutari bezala definitzeak soilik jada arazoak ekar ditzake adituen ustez, adikzioa kontsumo prozesuaren etapa bat besterik ez baita. 

Eta bitartean, adituen kezken eta arazoaren arriskuak jakinik ere memeak, txantxak eta umorea egiten jarraituko dugu koarentenan zehar egingo den alkoholaren erabileraren inguruan: Ahazteko edaten dut, bakarrik nago baina mozkorra edo zeinek nahi du eguzkia alkohola edukita dira bilaketa azkar batekin aurkitu daitezkeen txioak.

Umorea larrialdia uxatzeko modua bada ere, tentuz ibili behar dugu. Izan ere, itxialdian bada jendea ERTE-ekin, lanik gabeko autonomoak, arazo ugari dituzten pertsonak... Horregatik, kontuz ibili behar dugu kontu hauek hutsaltzearekin, alkohola ez baita arazoak konpontzeko bidea, nahiz eta sozialki erabat onartuta dagoen.