Transexualitatea, jaio edo bilakatu?

Transexualitatea, jaio edo bilakatu? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/transexualitatea-jaio-edo-bilakatu/@@download/image/65p36-1 .jpg
2006/07/07
erreportajea
Larraitz Arrondo. Sexologa
Orain gutxi arte, transexualitatea tabua izan da Euskal Herrian. Gerora, gauza exotiko edo morboso modura ezagutu dugu, baina, gaur egun, badakigu horren atzean pertsonen errealitate konplexua ezkutatzen dela. Errealitate hori gertuagotik ezagutzea, normaltasunera heltzeko urrats xumea izan daiteke.

Zer da transexualitatea?
Transexualak ez dira galtzear dauden, eta zenbaitek nahi luketen bezala, ikuskizunetarako erabili daitezkeen animalia arraroak. Transexualak pertsonak dira, eta beren bizitza pertsonala, lana, lagunak, bikotekidea eta gurasoak dituzte.

Pertsona hauek identitate-sexualaren eta anatomiaren-sexuaren arteko gatazka izaten dute. Hau da, sexu-biologikoa (gorpuzkera, genitalak, itxura fisikoa, ahotsa…) eta identitate- sexuala (sexu soziala eta psikologikoa) ez datozkie bat. Beraiei ez dagokien gorputzarekin jaio dira.

Emakume eta gizon transexualak bereizi  daitezke. Emakume transexuala, emakume sentitu, eta gizon gorputza duenari esaten zaio. Gizon transexualek, berriz, gizon sentitu, eta emakumezkoen gorpuzkera izaten dute. Pertsona hauek jasaten dituzten bizipenak askotan ez dira gozoak izaten, gehienetan beren gorputzarekiko gorroto sentimendua nagusitzen baitzaie.

Jaio edo bilakatu?

Transexualitatea ez da aukeratzen, transexual jaio egiten da. Normalean, transexualak oso txikitan (4-5 urte) ohartzen dira beste sexuko gorputz batean preso daudela. Hala ere, askok urte luzez ezkutatzen duten sekretu nagusietariko bat izaten da. Zenbaitek, sentitzen duenaren aurkako sexuaren identitate-maskara jarrita pasatzen du bizitzako tarte luze bat (ezkondu, haurrak izan…). Hein batean, biziraupenerako trikimailu bat dela esan daiteke, euskal gizartea oraindik ez baitago ongi prestatuta transexualekin bizitzeko.

Jatorria

Lehen aipatu dugunez, transexualitatea ez da hautazko zerbait, jaiotzetik edo oso txikitatik, pertsona batzuek bizi duten errealitatea baizik. Errealitate honen jatorria azaltzerakoan, hainbat teoria ditugu. Sexologia zientziak sexuatze prozesuan kokatzen du transexualitatearen jatorria. Hots, sexuatzea (neska edo mutil bilakatzea) bizitza osoko prozesua da. Bizitzaren ibilbide horretan, sexuatzen gaituzten faktoreen eragina izaten dugu. Horietako batzuk biologikoak dira, beste batzuk kulturalak, eta hezkuntzak ere eragin zuzena du sexuatze prozesuan.  

Prozesu hau kromosometatik hasten da; hasieran, hauek biologikoki neska edo mutil izan gaitezkeen determinatu beharko lukete. Haurdunaldian, sexuatzeak jarraitu egiten du, beste eragin batzuk jasoz. Amaren sabel barruan hormonen eragina izaten da, eta, horiei esker, sexu bateko edo besteko gonada, genital, gorputz eta neuronak garatzen dira. Beraz, jaiotzen garenean neska edo mutil jaiotzen gara, baina ez alu edo zakila dugulako soilik, gure garuna ere sexuatuta jaiotzen da. Transexualen kasuan, haurdunaldian hormonen jarioetan izandako desorekek eragina izan dezakete. Garuna sexu batekoa garatzen baita, eta gorputza, berriz, beste sexukoa.  

Transexualitatea Euskal Herrian

Beti uste izan da hauek urrutiko kontuak direla, horrelakoak ez direla gure herrian, etxean edo lagunartean gertatzen. Usteak erdia ustel. Hainbat historialari, historiako pertsonaia ospetsu batzuk aztertzerakoan, horietako zenbait transexualak izan litezkeela konturatu dira, hala nola, Arcoko Juana eta Erausoko Katalina.  

Euskal Herrian ere transexualitatea hor dago. Hala ere, baztertutako kulturetan, ez da erraza errealitate hori azaltzea. Horregatik, transexualitatea gizarteratzeko lanean diharduten hainbat kolektibok, oinarrizko eskubideen alde borrokatzen dute. Transexualitateak, gizarteratzeko bidean, homosexualitateak egindako prozesuaren antzerakoa jasan lezakeela dio hainbatek. Alde batetik, mediku eta psikologoen komunitateak, transexualitatea gaixotasuntzat hartu ordez, sexualitatea bizitzeko beste era bat dela onartu beharko luke. Horrekin batera, gizartea hezi egin beharko litzateke transexualekiko bizikidetzarako. Horrez gain, transexualek hainbat ebakuntza burutu behar izaten dituzte, eta ebakuntza horiek gizarte segurantzak bere gain hartzea aldarrikatzen dute, askotan beraientzat oso garrantzitsuak direlako, behar-beharrezkoak. Azkenik, edozein pertsonak dituen eskubide berak (lanean, ezkontzetan, bizikidetzan…) izatea eskatzen dute, inolako bazterkeriarik gabe. Zoritxarrez, esparru honetan oraindik badago zeregina, eta denon ahaleginaren beharra izango dugu. 

Aholkularitza non:


Aldarte (Bizkaia- Bilbo): Gay, lesbiana, transexual eta beren ingurukoentzako aholkularitza, informazioa eta laguntza: www.aldarte.org

Berdindu: (Eusko Jaurlaritza) Lesbiana, gay eta transexualentzako aholkularitza: 900840011, berdindu@ej-gv.es

EHGAM: www.ehgam.org (Euskal Herria): Euskal Herriko gay-les askapenerako mugimendua.

Gehitu: www.gehitu.com Euskal Herriko lesbiana, gay, transexual eta bisexualen elkartea.

Aides: www.aides.org (Lapurdi-Baiona)

Filmak



"Transamerica"Zuzendaria: Duncan Tucker.Gaia: emakumezkoen transexualitatea

"Ma vie en rose"Zuzendaria: Alain Berliner (1997)Gaia: transexualitatea haurtzaroan

"Boys don't cry"  Zuzendaria: Kimberly Peirce (1999) Gaia: gizonezkoen transexualitatea

"Beautiful Boxer"
  Zuzendaria: Ekachai Uekrongtham (2003) Gaia: emakumezkoen transexualitatea

Liburuak


"Transexualidad, la búsqueda de una identidad"Idazlea: Antonio Becerra Fernández Argitaletxea: Ed. Científico-Técnica Díaz de Santos (2003)

Cambiar de sexo"
Idazlea: Colette Chiland Argitaletxea: Ed. Biblioteca Nueva y Asociación Psicoanalítica de Madrid (1999)