GAZTEZULO Skate & Snow Festa egingo dugu larunbat honetan Donostian

GAZTEZULO Skate & Snow Festa egingo dugu larunbat honetan Donostian https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gaztezulo-skate-amp-snow-festa-egingo-dugu-larunbat-honetan-donostian/@@download/image/20123231973skate_snow_GAZTEZULO.jpg
2012/12/13
berria
GAZTEZULOk eta RideYourself taldeak antolaturik, GAZTEZULO Skate & Snow festa egingo dugu larunbat honetan –martxoak 24–, Donostiako Kursaalaren eta Zurriola hondartzaren arteko eremuan. Arratsaldeko 16:30ean hasi eta 19:30ak arte, skate eta snow erakustaldiak egingo dituzte gazte semiprofesionalek. Lagunekin batera euskarazko giro apartaz eta ikuskizun paregabeaz gozatu nahi baduzu, hurbildu zaitez festara, gazte!

Kirola eta ikuskizuna uztartuz, muturreko bi diziplina ezagutaraztea du helburu ekimenak. Halaber, skatea nahiz snowa gustuko duten gazteen artean euskara sustatzeko aukera paregabea izango da larunbatekoa.

Hain zuzen, bi erakustaldietan parte hartzaileek beren mugimendu eta maniobrak egin bitartean, jarduera hauetan aditua den hizlaria arduratuko da ikusleek begi aurrean dutena azaltzeaz; besteak beste, kirolen jatorria, haien hiritartzea, mugimenduen zailtasuna eta ezaugarriak, eta beste hainbat detaile. Horregatik, ikusleek kirolak gertutik ezagutu ahal izango dituzte.

Skate erakustaldia


Ikuskizuna arratsaldeko 16:30ean hasiko da, baina horren aurretik, ordu erdiz beroketak egingo dituzte parte hartzaileek. Ondoren, beren mugimendu eta truku hoberenak erakutsiko dituzte 18:00ak bitartean. Ikusleek bertatik jarraitu ahal izango dituzte hamabost gazteen, neska zein mutil, salto eta akrobaziak.

Snow erakustaldia


Elurrezko aldaparen gainean maniobra ikusgarriak egingo dituzte hamar bat parte hartzaile semiprofesionalek. Denbora tarte mugatua izango dute, eta bitarte horretan airean maniobrarik zailenak eta landuenak egiten saiatuko dira, ondoren elur gainera erotzeko. Arratsaldeko 18:00etan hasiko dute ikuskizuna RideYourselfeko neska-mutilek, eta 19:30ak bitarte ibiliko dira taulen gainean. 

Argazki lehiaketa


Hurbiltzen direnek kirol ikuskizunez eta musikaz alaituriko festa giroaz gozatu ahal izango dute; baina ez hori bakarrik: skate zein snow mugimenduen argazkiak ere atera ahal izango dituzte, gure lehiaketan parte hartzeko.

Argazki kamerak edota sakeleko telefonoak erabilita, trukuen irudiak egiten dituztenek honako helbidera bidali ahal izango dituzte: gaztezulo@gaztezulo.com. Hala, argazki lehiaketan parte hartuko dute. Arratsalde osoan zehar hizlariak ere lehiaketaren berri emango du, parte hartu nahi dutenei egin beharrekoa gogoraraziz.

Irabazleak hurrengo astean jakinaraziko ditugu, eta GAZTEZULO materiala jasoko dute sari moduan.