Gaztetxulotarron (jira) bira

Gaztetxulotarron (jira) bira https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gaztetxulotarron-jira-bira/@@download/image/64p31-1_1365595786.jpg
2006/06/02
erreportajea
Nerea Lizarralde
GAZTETXULOtarrok bira psikotropiko/hedonistikoa egin genuen iaz, bestarik besta. (Jira)bira horretako hitzorduak dira ondokoak.

Usurbil – Santixabelak– Ekainak 28-Uztailak 3
Usurbilen gazte jendea lokaletan biltzen da parranda hasteko. Tabernetan euskal musika eta rocka da nagusi, hortaz, patxanga gutxi dago Usurbilen taberna batetik bestera, jendearen adinean egoten da aldea. Azkenaldian, gazte jende asko hurbildu ohi da Ardibeltza garagardotegi berrira. Afaltzeko, gomendio bat: Bordatzoko ogitartekoak. Artzabalen, garagardotegitik gertu txosna gunea dago.

Bertso saioak, euskal dantzak, dantzaldia… usurbildarrek gogor eutsi diete ohiturei. Agian, oilasko biltzaileena da ohitura bereziena. Goizean goiz, koadrilak baserriz baserri joaten dira, trikitixa jotzen, baserritarrei oilasko eske. Gaur egun, adin guztietako jendeak parte hartzen du segizio berezi horretan. Egitarauan, bestelakorik ere bada, noski: aurten, larunbat arratsean bertan, Usurbilgo batukada talde berria (BeTeKa) ariko da herriko kaleetan. Maskotaren igoera eta jaitsiera ere indar handia hartzen ari dira. Aurreko bi urtetan, sartu ezinik ibili ziren usurbildarrak frontoian!

Leitza – San Tiburtzio Pestak – Abuztuak 10-15

Nafarrek parrandazale ospea izan dute beti, eta ez soilik, Iruñeko sanferminak eraginda. Jaiari hasiera ematen dion arratsaldeko txupinazoa baino lehen, Leitzako koadrilak herri kiroletan nor baino nor aritzen dira herriko plazan. Ondoren, leitzarrek bat egiten dute elkarte gastronomikoetan, jatetxeetan… bazkari eder bat, festari gogotsu ekiteko.

Leitzako Aurrera Dantzari Taldekoek rol esanguratsua betetzen dute festetan; izan ere, San Tiburtzio Egunean (abuztuaren 11n) Ezpatadantza saioa eskaintzen dute herriko plazan, eta abuztuaren 12an, bi orduko ikuskizuna eskaini ohi dute, dantza tradizionalak oinarritzat hartuz: horien artean, Leitzako "Ingurutxoa" dago. Nesketan eta mutiletan egiteko, norbaiten ondora inguratzeko, dantza egokia da "Ingurutxoa".

Festa giro ederra izaten da Leitzan. Adin guztietako jendea nahasten da tabernetan, eta  ez da bereizketarik egiten. Bete beharreko baldintza bakarra, parrandarako gogoa izatea da. Ez dago txosna gune jakinik, hauek herrian sakabanatuta daude. Gaztetxea Leitzako sarreran dago. Parranda goizalderarte egiteko arazorik ez dago Leitzan, konturatzerako, entzierroa hasiko da.

Laudio – San Roke Jaiak- Abuztuak 15-27

Indartsu hasten dira jaiak Laudion. San Roke bezperan, Herriko plazan alkohol zaparrada hasten da eguerdian, txupinazoarekin batera. Eztarriak sobera bustita, gazteak kalez kale ibiltzen dira, balkoietan daudenei ur eske. Abuztuaren 16tik aurrera, atsedenik gabeko festa amaigabea izaten da: San Roke Eguna, San Roketzar, Baratxuri Eguna, Koadrilen eguna, Baserritar Eguna, Odolosteen Eguna…

Ekitaldi tradizionalenen artean, Untzeta Dantza Taldeak Herriko plazan antolatzen duen  kalejira aipatu behar da. Kalejirak herria gurutzatzen du. Mutilek, garai batean, jauntxoen alabengana joaten zireneko parodia egiten dute. Roketxu txakurra da jaietako maskota: duela hogeita bost urte, herriko gazte batzuek peluxe txakurra irabazi zuten tonbola batean, eta urteekin, jaien ikur bihurtu da. Jaiak amaitzean erre egiten dute Roketxu. Pirulo Txou izeneko taldea ere osatu dute Laudioko koadriletako kideek: abesti ezagunak kantatzen dituzte, hitzak aldatuz eta Laudioko gertaerei buruz barre eginez.

Laudion era askotako giroak aurki ditzakegu. Herriko plaza inguruan Bazter, Basajaun, Pagatza eta Ilargi tabernak eta Litxa, Iluntze eta Enara pubak daude, besteak beste. Ibaiaz bestaldera, giro eta musika alternatiboagoa dago, bai tabernatan (La Meca, Sorgiñe, Keska, Iratxo…), baita Gaztetxeak antolatzen duen jai egitarauari dagokionez ere.

Bermeo – Andramariak – Irailak 7-16

Andra Mari egunaren bezperan (abuztuaren 7an), Xixili lamiak iragartzen du Bermeoko jaien hasiera. Estropadak, herri kirolak, Sukalki Eguna… Dena dela, Arrantzale Eguna da hitzordu garrantzitsuena, irailaren 9an. Bermeotarrak mahoiz janzten dira, arrantzale jantziaz. Goizean, Goiko Plazatik Lamera Parkera jaitsi, eta handik bueltan, eguerdi aldera, uholde urdin arrantzale hori zuri bilakatuz doa: izan ere, elkarri talko hautsa botatzeko ohitura dago.  

Giro handieneko tabernak Goiko kalean, eta plazan daude: Ametsa, Galerna, Kalabarri... Bitxia da, Kaxio eta Katu tabernen kasua: aurrez aurre daude, baina alde handia dago, batean eta bestean jartzen duten musikari erreparatuta. Kaixion musika komertziala jartzen dute, eta Katun, berriz, metala! Bertakoak ezagutu nahi badituzu, zoaz Herriko Tabernara, Goiko Plazatik behera. Txosnetan, ere jendetza biltzen da. Portuan, frontoiaren ondoan, daude txosnak, eta han izaten dira musika kontzertuak. Bermeotar gautxorienak Kafe Antzokia irekitzeko irrikitan daude… jaietarako irekiko ahal dute!

Sara – Sarako Bestak – Irailak 9-13

Saran giro herrikoia da nagusi. Larunbata eta igandea dira egun handiak, jende andana elkartzen baita. Sarako Gazteriak antolatzen du egitaraua. Larunbatean gaupasa egiten da Herriko Plaza inguruko tabernetan: Herriko Etxeko Lantegian, Arrayan, Lastiryn, Keinun… eta bertan izaten dira kontzertuetan. Gaztetxeak ere bere ostatu txikia irekitzen du jaietan, eta asteartean mozorro festa ospatzen du. Igande arratsaldean, berriz, koadrilek auto eta motor desfilea egiten dute, talde bakoitzak autoak sortzen ditu segizio horretarako. Ahate jokoa da tradizio bereziena: Herriko Plazan zintzilikatutako ahateak harrapatu behar dituzte zaldi gainera igota.