Gaztetxoentzako Azkue Literatura Sarietarako deialdia zabalik

Gaztetxoentzako Azkue Literatura Sarietarako deialdia zabalik 2004tik 2011ra jaiotakoek har dezakete parte, poesia edo narrazio testuekin, abenduaren 20ra bitarte. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gaztetxoentzako-azkue-literatura-sarietarako-deialdia-zabalik/@@download/image/azkuesariak.jpg
2021/10/27

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

2004tik 2011ra jaiotakoek har dezakete parte, poesia edo narrazio testuekin, abenduaren 20ra bitarte.
Gaztetxoentzako Azkue Literatura Sarietarako deialdia zabalik

Euskaltzaindiak eta Bilbao Bizkaia Kutxa Fundazioak R. M. Azkue Literatura Sarien deialdi berria jarri dute martxan. Sari hauen helburua idazle gazteak literatura mundura erakartzea da, eta poesia eta narrazio generotako lanak saritzen dituzte. Bi maila daude genero bakoitzean: A mailan 2008tik 2011ra jaiotakoak, eta B mailan 2004tik 2007ra artekoak.

Sari hauetara euskaraz idatziriko narrazio zein olerki-lanak aurkez daitezke, egilearen bizilekua edo nazionalitatea edozein izanik ere. Lanak originalak eta inoiz argitaratu gabeak izan behar dira, ez da onartuko beste lanen itzulpenik edo moldaketarik, eta ezta saritutako lanik ere.

180 eta 300 euro bitarteko sariak banatuko dira, narrazioan zein olerkian, eta parte-hartzea bultzatze aldera, 500 euroko saria emango zaio lehiaketara ikasle gehien aurkezten duen ikastetxeari. Horretaz gain, sariok jaso dituzten gaztetxoen lanak aztertu dituzten irakasleek edo laguntzaileek 60na euroko saria jasoko dute.

Lanak makinaz alde batetik idatzirik aurkeztuko dira, A4 neurriko orrietan, eta hiru kopia bidali beharko dira Akademiak Bilbon duen egoitza nagusira (Plaza Barria, 15/ 48005). Abenduaren 20an amaituko da parte hartzeko epea, eta erabakiak 2022ko martxoaren 18a baino lehen iragarriko dira. 

Oinarriak Euskaltzaindiaren webgunean zintzilikatu dituzte eta, zalantzarik izanez gero, 944158155 telefono zenbakira deitzeko jakinarazi dute. 

Iazko edizioan sarituak izan diren idazle gazteen narrazio eta olerkiak liburu batean argitaratu dituzte, eta webgunean ere zintzilikatu dituzte 1992tik hona saritutako lanak.