Gaztetxeen mugimendua bizirik

Gaztetxeen mugimendua bizirik https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gaztetxeen-mugimendua-bizirik/@@download/image/34p28-1_1368694127.jpg
2003/10/03
erreportajea
Joanes Etxeberria
Zuberoan, Nafarroa Beherean eta Lapurdin bada gaztetxeen aldeko mugimendua. Sei gaztetxe daude Ipar Euskal Herrian eta euren herrian gaztetxea lortzeko lanean ari diren gazte anitz. Gaztetxeen lana indartzeko, koordinadora sortu zen, udaberrian.

Badira hogei urte Ipar Euskal Herrian gaztetxeen aldeko mugimendua sortu zenetik. Garai hartan, herri askotan, gazte taldeak gaztetxe bat lortzeko borrokan hasi ziren. Askok ez zuten, haatik, lokalik lortu, edo lortu eta galdu egin zuten zenbait arrazoi zirela medio. Erraterako, Baionan, Patxa taldeak zenbait eraikin okupatu zituen gaztetxea egiteko ("Patxokia"), baina fite kaleratu zituzten. Gazte talde bakoitzak bere kabuz jardun zuenez, gaztetxe bakoitzak bere ibilera eta lan moldeak hartu zituen. Gaur egun, sei gaztetxe baizik ez daude Ipar Euskal Herrian: Hazparnen, Donibane Garazin, Donibane Lohitzunen, Senperen, Saran eta Itsasun. Batzuk Herriko Etxeak utzitako eraikinak dira, eta beste batzuk, errentan hartutakoak. Gainera, herri askotan, gaztetxeen aldeko elkarteak badira, lokalik gabe, ahal bezala dinamika gazte bat aurrera eramaten ari direnak. Egoera, ordea, ez da bera leku guztietan. Ikus ditzagun zenbait adibide.

"Pitxu", Maulen
Maulen, mugimendua "Pitxu" gaztetxearekin abiatu zen, 80ko hamarkadan. Errentan hartutako erdiguneko lokal zahar bat da gaztetxea, eta tailatupean hiru belaunaldi ezagutu ditu. Bertako gazteek bizirik nahi zuten Zuberoa, eta ez soilik mendi ederrak dituen eskualde bat balitz bezala. Auzotarren kexuek eta Herriko Etxearen presioak, berriz, "Pitxu"-ko gazteak aspertu zituzten, duela urte batzuk.

Geroztik, Uztaro arte tailerraren habia da lokala, baina gunea berpizeko nahia bada; duela bi urte, Mauleko Itzala elkartea besta alternatiboak antolatzen hasi zen "Pitxu"-n, gazte zuberotarrak elkartzeko asmoz. Hala ere, Mauleko besta garaian baizik ezin dute eraikina erabili. Urte osoan, lokalik ezean, kalean dituzte ekimenak egiten: taloa saldu, inauterietan parte hartu… Mugatua da lokalaren erabilera. Ezin erran, beraz, ohiko gaztetxe baten moldean funtzionatzen duenik.

"
Ttattola", Hazparnen
Hazparnen ere, gutxi gorabehera, garai berean abiatu zen gazte mugimendua, "Ttattola" gaztetxearekin (garai batean "Batzoki" deitutakoa). Hazparnekoa, Maulekoa bezala, errentan hartutako eraikina zen, baina jabeak saldu egin zuen lantegi zaharra izandakoa. Beraz, beste gune baten bila hasi ziren bertako gazteak, eta ahalegin hartan ez zuten laguntzarik eskatu; ez Herriko Etxeari, ezta beste inori ere. "Ttattola" berria ere errentan hartu zuten. Izan ere, haien ustez, laguntza eskatzeak bueltan zerbait inposatzea ekar dezake, eta "Ttattola"-koek askatasun osoa nahi dute.

Akotze auzoan, Donibane Lohitzunen
Donibane Lohitzuneko gaztetxearen egoera arras bestelakoa da, Akotze auzoko lokala Herriko Etxeak utzia baita. Ondorioz, antolatze lanetan, errezago dute Donibane Lohitzuneko gazteek. Gaztetxea arrakastatsua izan da beti, jende anitz ari baita bertan lanean. Zenbaiten irudiko, Herriko Etxearen laguntza muga da, baina Donibane Lohitzuneko gazteek diotenez, gainerako gaztetxeen espiritua bera dute. Lapurdiko kostaldeko herriko gazteek hainbat ekimen egiten dituzte urtean. Ekimen horietako bat "Musika etengabe" jaialdia da; gau oso batez, munduko musika zenbait estilo nahasten dituzte, Herriko Etxeak utzitako Chantaco kiroldegian.

Koordinadora abian
Ibilbide eta lan egiteko molde ezberdinak, beraz, Ipar Euskal Herriko hiru lekuotan. Hiru adibide besterik ez dira. Baina gaztetxe eta gazte talde guztien elkarlana bultzatzeko eta ildoa finkatzeko, Ipar Euskal Herriko Gaztetxeen Koordinadora sortu da aurten. "Hego Euskal Herriko gaztetxeekin lotura sortzea eta Ipar Euskal Herriko gaztetxeen borroka denen artean eramatea dugu helburu. Erraterako, herri batean etxe bat okupatzea erabakitzen bada, hogei gazte joan beharrean, koordinadorako gazte guztiak joatea, indar gehiago ukateko", esan digu "Ttattola"-ko kide batek. Koordinadoraren hasierako bileretan talde bakoitzak bere gaztetxearen errealitatea azaldu zuen. Geroago, beste ekimen batzuk antolatu dituzte besta giroan: bazkaria "Musika etengabe" jaialdian, gaztetxeen arteko futbol txapelketa, herri kiroletan trebatzeko saioak…

Geroari begira
Ekimen horien artean, arrakastatsuena martxoan, Askatasuna elkartearen alde, Ezpeletako merkatuan antolatutako kontzertua izan zen. Ekimen arras polita izan zen zinez eta gazte anitz elkartu ziren bertan. Beharbada horregatik, baikor begiratzen diote etorkizunari koordinadorako lagunek. "Koordinadorak oraindik ez du halako ekintza handiak egiteko ahalmena, baina geroan kanpaina batzuk egiteko gauza izango gara. Dena dela, oraingoz, garrantzitsuena gaztetxe eta gazte taldeen errealitatea ongi ulertzea da. Hortik hasi behar da lan komuna", dio Mauleko Bixente Goienexpek. Ilusioz beterik ditugu, beraz, gazte hauek, eta geroa lantzen ari diren gisara, ez da dudarik gaztetxeen mugimendua indartuz joango dela Zuberoan, Nafarroa Beherean eta Zuberoan.

"Iniziatiba herriko gazteek dute eraman behar"



Aurore Martin gaztetxeen koordinadorako kidea da. Mauleko Itzala elkartearen ordezkari gisa hasi zen bertan eta egun, taldeko dinamizatzailea da.

Zein xedearekin sortu zen koordinadora?
Elkarteak gaztetxea lortzeko lagundu nahi ditugu, herri bakoitzak ukan dezan bere gaztetxea. Gure asmoa koordinadoran ahalik eta talde gehien biltzea da.

Nola aurre egingo dio koordinadorak gaztetxeen egoera desberdinei?
Gure lana mugatuta da, izan ere, gaztetxeak gure lan tresna dira ; bilkura eta ekitaldiak antolatzeko. Hala ere, ekitaldi handi bat egiteko, ditugun gaztetxeak txikiak dira, eta behartuta gara lokal bat alokatzera.  Bestetik, zaila da kiroldegi edo antzekoetan gaztetxeetan egon ohi den giroa lortzea. Egin dezakegun gauza bakarra kanpaina bat laguntzea eta sustengatzea da. Iniziatiba herriko gazteek dute eraman behar.

Martxoaren 13an kontzertu bat antolatu zenuten Ezpeletan. Nola joan zen?Bikain ongi ! Gaztetxe guztietatik etorritako ehun bat gazte bildu ginen lan egiteko. Gainera, gazte asko hurbildu zen koordinadoraren berri izatera.

Iparraldeko gaztetxeak



1.- Donibane Lohitzune
2.- Hazparne
3.- Senpere
4.- Sara
5.- Itsasu
6.- Donibane Garazi