Gaztetxearen azken arnasa

Gaztetxearen azken arnasa https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gaztetxearen-azken-arnasa/@@download/image/5p28-1.jpg
2012/12/13
elkarrizketa
Ander Usabiaga
1992ko azaroaren 10ean, polizia eta udal langileak Bilboko Alde Zaharreko Gaztetxean sartu eta ateak eta leihoak itxi zituzten adreiluz. Zalantzarik gabe gertaerak ezusteko protagonista izan zuen: "giza eskeleto" ospetsua. 

Goizeko 6.00ak aldera, poliziaren helikopteroaren zaratak Bilboko Alde Zaharreko hainbat bizilagun lozorrotik atera zituen. Helikopteroak, beleek bezala, berri txarra zekarkien Alde Zaharreko gaztetxeko lagunei. Izan ere, 7.20an, Bilboko Udalaren aginduz, langile eta udaltzain andana Banco de España kaleko gaztetxean sartu zen. Udaltzainek gaztetxea miatu, bideoan irudiak hartu eta barruko gauzak eraman ondoren, langileak gaztetxeko sarrerak adreiluz estaltzen hasi ziren.
Euskal Herriko gaztetxe mitiko baten azken orduak ziren haiek. Bizilagun batzuek algara bizian hartu zuten udal langileen eta udaltzainen lana, baina hala ere, ez zen protesta egin zuenik  falta izan, tartean gaztetxeko lagunak eta beraiekin bat egin zuten beste hainbat gazte. Ertzaintza ere han zegoen eta pare bat alditan oldartu zitzaien gaztetxe ondoan protestan ari zirenei.
Bertan zereginik ez zegoela ikusita, gazteek udaletxera jo zuten. Une horretan, hain zuzen, Josu Ortuondo EAJko Bilboko alkatea gaztetxea ixteko arrazoiak azaltzen ari zen prentsaurrean. Udaletxe aurrean eserialdia egin zuten, baina orduan ere egurtu egin zituzten, oraingo honetan, Espainiako poliziek. Egur asko banatu zen egun hartan Bilboko kaleetan. Eta gaztetxea behin betiko itxita.
Deabrukeriak
Hala ere, protagonista izatea inola ere espero ez zuen norbaitek zer esan ugari eman zuen egun haietan: giza eskeletoa. Udal iturriek emandako eta ohiko komunikabideek behin eta berriro zabaldutako albisteen arabera, gaztetxean giza eskeleto bat topatu zuten. Besterik ere aurkitu omen zuten. Hona hemen 1992ko azaroaren 11ko El Diario Vasco egunkariak esandakoa: "Poliziak sei suziri jaurtigailu, zenbait piroteknia jaurtigai, makilak, aizkora bat eta giza eskeleto bat aurkitu zituen gaztetxe batean, Bilboko Alde Zaharrean".
Zer ote zen hura?! Kale borrokan erabiltzeko tresna biltegia? Hilketak egiten al ziren gaztetxean? Kanibalismoa agian? Josu Ortuondo alkateak berak ere susmo beldurgarriak zabaldu zituen. "Ez zaitezte orain nigana etor esanez kontzertuak ez dakit zein motatako iharduerak finantziatzeko antolatzen zirela. Esate baterako, suziriak edo eskeletoak erosteko".
Bilboko Alde Zaharreko Gazte Asanbladak adierazi zuenez, suziriak jaurtitzeko hobiak kalejiretan erabili ohi zituzten. Horrez gain, Udalak berak gaztetxean topatutako eskeletoa plastikozkoa zela aitortu behar izan zuen. Dena den, giza eskeletoari buruzko ika-mikak berea egin zuela ikusita, Udalak beste albiste ikaragarri bat ezagutarazi zuen, gaztetxean Udaltzaingoak zortzi urteko neskato baten kaskezurra eta aker handi eta gris baten irudia atzeman zituela. Satanismoa edo meza beltzak egiten ote ziren gaztetxean?
Zazpi urtez, rock lantegia
Gaztetxeak, ordea,  bazuen beste aurpegi bat jende askorentzat. Bilboko Gazte Asanbladak 1986an okupatu zuen Bilboko Aurrezki Kutxak Banco de España kalean zuen egoitza. Aretoak hemezortzi urte zeramatzan hutsik. Zenbait liskarren ondoren, gaztetxeko kideek eta Gorordo buru zuen Udal Gobernuak hitzarmena sinatu zuten 1988an. Udalbatzarrak oniritzia eman zion akordioari eta Udalak dirulaguntza eman zion asanbladari gaztetxea intsonorizatzeko. Gaztetxea zabalik egon zen bitartean, ikastaroak eta hitzaldiak egin ziren bertan eta hainbat musika taldek entseiuak egiteko erabili zuten.
Hala eta guztiz ere, bizilagun eta batez ere, dendari asko ez zeuden batere pozik gaztetxearekin. Kontzertuetan zarata handia sortzen zutela zioten eta jendeak edozein tokitan txiza edo botaka egiten zuela. Asanbladako kideen esanetan, berriz, arazo haiek Alde Zaharreko beste toki batzuetan ere gertatzen ziren. Udal Gobernuak araudi berria ezarri zuen 1991ko hondarrean eta gaztetxea alkoholik ez saltzera eta kontzertuak asteburuetan baino ez antolatzera behartu zuen. Gazte Asanbladak inposiziotzat jo zituen arau berriak. Udalak, gaztetxeak araudi berria betetzen ez zuela eta, ixteko agindua eman zuen.
Fermin Muguruzak, garai hartan Negu Gorriakeko kideak, honako hau adierazi zuen Bilboko Alde Zaharreko Gaztetxeaz: "Euskal Herrian inoiz izandako rock eskolarik handiena itxi da". Josu Ortuondo alkateak, bere aldetik, konpromisoa hartu zuen gerora begira: "gaztetxea autokudeaketa gune bihurtzen ari zen, pribatua erabat, batere ez publikoa. Orain Udalak antolatu eta zuzenduko du eta mundu guztiarentzat publikoa izango da". Konpromisoa, ordea, ez da bete.