Gaztetxeak martxan

Gaztetxeak martxan https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gaztetxeak-martxan/@@download/image/63p18-1_1365630693.jpg
2006/05/05
erreportajea
Apirilaren 21ean, Euskal Herriko gaztetxeen izaera, lana eta asmoak zabaltzeko helburuarekin, Gaztetxe Martxa jarri zuten abian. Hamazazpi egun bidean eman ondoren, maiatzaren 7an iritsiko dira Iruñera. Egun horretan, festa handia zain izango dute.


Azken etapara heldu da Gaztetxe Martxa. Martxan ibilitakoek hamazazpi egun eman dituzte gaztetxez gaztetxe eta eskualdez eskualde, beraien helburuak eta proiektuak zabaltzen. Apirilaren 21etik maiatzaren 7a bitarte, Euskal Herriko gaztetxeak bisitatu dituzte. Zure herriko gaztetxean ere egingo zuten geldialdia, ziur.

Gaztetxe Martxa hau agurtzeko, festa handia antolatu da maiatzaren 7rako, Iruñean. Festan zer izango den jakin nahi? Bost gune nagusitan banatu dituzte azken egunerako antolatutako ekintzak.

Aisialdi gunean, goizeko hamarretan irekiko dituzte rokodromoa, barra eta drogak analizatzeko txokoa. Herri kirol ikuskizuna hamaiketan izango da, eta ondoren, graffiti tailerrak, zirko eskolak, parodiak eta kontzertuak egongo dira egun guztian zehar.

Autogestio gunea

Etxeko haurrekin ere gogoratu dira antolatzaileak, eta, umeentzako gunea antolatuko dute. Bertan, puzgarriak, pailazoak eta guzti. Gazteriarena da beste gunea. Egun guztian, tailerrak, bideoak, hitzaldiak, erakusketak eta jokoak egongo dira. Arratsaldean, gazteriari omenaldia egingo zaio. Ondoren, euskal karaokea izango da.

Autogestioaren gunea ere prestatu dute festa honetarako. Pilota tailerra, autodefentsa tailerra, edo espresio tailerretan parte hartzeko aukera izango da goizean zehar. Arratsaldean, bakarrizketak, Jam sesioa eta txiste txapelketak izango dira. Txoko honetara joaten diren guztiek, artisau azoka ikusteko aukera izango dute. Kamisetak eta txapak egiteko txokoa ere izango da.

Okupazio gunea

Eta azkenik, Okupazio gunea ere izango da. Bertan hitzaldi-erakusketak egongo dira goizez. Euskal Herriko, Europako eta Kataluniako okupazioaren historia ezagutu, edota, Hego Ameriketako lur okupazioaren historiaz gehiago jakiteko aukera emanez. Arratsaldean, hip-hop saioa eta graffitiak izango dira Okupazio gunean.

Bestalde, gune guztietan kontzertuak ikusteko aukera izango da seietatik aurrera. Gaztetxeen Martxa, iluntzeko zortziak inguruan amaituko da, hamazazpi egun luzeren ondoren.