Gazteriak geroz eta gutxiago edaten al du?

Gazteak eta alkoholaren kontsumoa banaezinak direla pentsatzen duen aurrejuzgua desegiten ari da. Azken urteetan burutu diren ikerketa ezberdinek erakusten dutenaren arabera, Z belaunaldikoak -90eko hamarkada erdialdean eta 2000. urte inguruan jaiotakoak- alkohol gutxiago edaten dute millenialekin alderatuta. HBSC-ek, eta OMEren oniritziarekin, kaleratutako azken ikerketaren arabera, astero gazteen %8k soilik edaten du alkohola. 2006. urtean, portzentaia hiru aldiz altuagoa zen.
Garai hartan edaten ez zutenak seinalatuak izan ohi ziren sozialki. Egun joera aldatzen ari da. Honek ez du esan nahi alkohola desagertu denik, ezta gutxiago ere, baina dirudienez, gazte batzuen artean honen kontsumoa murrizteko nahi kontzientea dago eta ugaritzen ari da jokabide hau.
Pitinkakoa ari da izaten aldaketa. Nazioarteko hainbat ikerketaren arabera, Z belaunaldia abstemioena da eta euren arrazoi nagusien artean osasuna eta ongizatea daude. Aipatuta HSBC ikerketan esaten da gazteen lautik ia hiruk uste duela astebururo edateak epe luzera arazoak sortuko lizkiokeela.
Norbere buruaren zaintza Z belaunaldiaren erdigunean dago. Osasun mentala lehenestetik hasi eta skincare errutinetaraino. Horren barruan, alkoholaren kontsumo moderatua ere badago eta baita elikagai osasuntsuak hautatzea. Diruenez, taldeko presioa ere murriztu da, eta edan nahi ez duenaren hautua gehiago errespetatzen da.
Alabaina, Z belaunaldikoek alkohola apur bat alboratu badute ere, osasunarentzat kaltegarriak diren bestelako produktuak kontsumitzen dituzte, adibidez, edari energetikoak. 14-18 urteko gazteen artean edari energetikoen kontsumoa %40 hazi da eta gutxienez astean behin edaten dituzte, %16k gainera alkoholarekin nahastuta.
Freskagarri mota hauen luzaroko kontsumoak lo arazoak, giltzurrunekoak eta bihotzekoak sortu ditzake, sekulako azukre kontzentrazioa baitute, baina batez ere kafeina izugarri pila dutelako.
Kontsumo kontzienteagoa
Ongizatearen definizio berri honetana honetan hitz gakoa kontzientzia da. Gazteek kontsuko praktika kontzienteagoak burutzen dituzte, adibidez, bigarren eskuko arropa erosiz edo marka jasangarrien produktuak lehenetsiz. Dieta begano edo begetarianoa duten gazteen kopurua ere hazten ari da.
Elikadura kontziente batetik abiatuta sortu da #nonalcohol etiketa, zeinak milaka argitalpen dituen sareetan. Mindful drinking mugimendua ere ildo beretik doa. Kontzienteki edatea bezala itzuli liteke. Helburua nola eta non edaten dugun hausnartzea da ikuspuntu ekonomiko eta emozionaletik. Sekula kalkulatu duzu, hilabete bakar batean, zenbat diru xahutzen duzun alkoholean?
Abstemio berrien hiztegira gehitzeko beste kontzeptua sober curious da. 2018an sortu zuen Ruby Warrington-ek bere izen bereko liburuaren izenbururako. Liburu honek alkoholaren kontsumoa erabat utzi duten pertsonen inguruan dihardu. Alkoholak osasun fisiko eta mentalean duen eraginaz mintzatzeaz gain, erabakiak hartzerako garaian duen rolaz ere hausnartzen du.
Ez da kasualitatea, testuinguru honetan, edari makak alkoholik gabeko alternatibak eskaintzen hasi izana. Alkoholik gabeko produktuen eskaintza ugaritu egin da, kombucha adibidez. Gainera, alkoholik gabeko garagardoen eskaintza ere zabaldu egin da, ñabardura ezberdinak eskainiz.
Garai berri baten aurrean al gaude? Litekeena da zigarroak gure kale eta pantailetatik ia desagertu diren bezala, alkoholarekin ere gauza bera gertatzea eta gau dibertigarri bat igarotzeko osagai nagusia ez izatea. Auskalo!