GaztEHerria plataformak oso positiboki baloratu du Europari begirako bira

GaztEHerria plataformak oso positiboki baloratu du Europari begirako bira https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gazteherria-plataformak-oso-positiboki-baloratu-du-europari-begirako-bira/@@download/image/20105131253Gazteherria.jpg
2012/12/13
berria
GaztEHerria plataformak oso positiboki baloratu du Europari begirako bira
Ideologia ezberdineko gazte eragileak independentziaren bidean biltzen dituen GaztEHerria ekimeneko ordezkaritza bat bere asmo eta proiektuen berri ematen aritu da egunotan Europako egoitza nagusietan. Era berean, maiatzaren 29an, Europako beste zenbait gazte erakunderekin batera, egingo duten manifestaziorako deialdia luzatu diote euskal gazteria osoari. 

Besteak beste, EFArekin (European Free Aliance) biltzeko parada izan dute, herrialde ezberdinetako alderdi independentistak biltzen dituen koalizioa (tartean, Scottish National Party, Eusko Alkartasuna, The Party of Wales, Liga Veneta Repubblica, For Human Rights in a United Latvia, Esquerra Republicana de Catalunya edota Bloque Nacionalista Galego). Gazteek beren proiektua azaldu diete, alderdiok begi onez eta baikorki jaso dutena. Maiatzaren 29rako deitutako manifestazioaren inguruko informazioa zabaltzeko konpromisoa hartu dute eta aurrerantzean GaztEHerriak egingo duen ibilbidea gertutik jarraituko dutela adierazi diote Euskal Herritik abiatutako ordezkaritzari.


Hauxe da GaztEHerriaren adierazpena, www.gazteherria.net atarian zure atxikimendua adieraziz babes dezakezuna:


Bizi dezagun ametsa, eraiki independentzia!!

GaztEHerria gara.
Eremu, arlo, herri zein auzo ezberdinetako gazteok osatzen dugun Euskal Herriko gazteria gara, Independentzian amestu eta berau elkarlanean eraiki nahi dugun gazteria. Parte hartzea oinarri izango duen gazte mugimendu zabala abian jarriz, soilik gazteon iniziatiban oinarrituriko bidea abiatzera goaz. Etorkizuneko Euskal Herria gara, eta etorkizunak izen bakarra dauka: INDEPENDENTZIA.

Independentzia, herri honentzat aukera bakar bezala ulertzen dugu.
Urte askotan zehar, gure herria askatasunean bizitzeko aukera ukatua izan zaigu, eta horregatik, burujabe izateko aukera bakar bezala ikusten dugu independentzia. Euskal Herria osatzen duten zazpi lurraldeen luze-zabalean, beste eredu bat eraikitzeko tresna bakar moduan ulertzen dugulako, elkarlanean independentziaren bidea marrazteko konpromisoa hartzen dugu.

Gazteon eskubide indibidual eta kolektiboak oinarri, gazteon eskubide zibil eta politikoen errespetua exijitzen dugu.
Independentziaren aldeko lana guztiz zilegi zaigu. Euskal Herriko gazteria osatzen dugunon lana askatasun osoz eramatearekin bat hezurmamituko da herri honen geroa. Eta beraz, banako zein talde bezala dagozkigun eskubideen aitortza zintzoa aldarrikatzen dugu.

Independentziaren aldeko gazte olatua sortzera goaz
Askatasun egarriz gauden belaunaldia gara, eta Independentziaren eskutik etorriko den askatasunean sinesten dugu. Horregatik, bakoitzak bere eremutik, baina elkarlanean, tantaz tanta osatzen joango den gazte olatua sortzera goaz. Independentzian sinesten dugulako, gazteriaren beharrei erantzutera eta gazteriaren mesedetara egongo den mugimendua sortzera goaz, gazteok bide propioa eraikiz, eta berau iniziatibez josiz.

Independentziaren alde, elkarlanean jarraitzeko konpromisoa hartzen dugu
Adierazpen hau oinarri, Euskal Herrian sortuko dugun Independentziaren aldeko olatu horren lehenengo tanta bezala ulertzen dugu, eta horren aldeko konpromisoa erakusten dugu.

GaztEHerriaren lehenengo urratsa
GaztEHerria osatzen dugun gazteok, Adierazpen hau oinarri harturik, Apirilaren 4an ospatuko den Aberri Egun bateratura deialdia egiten dugu. Honekin batera, eta gazte ekarpena eginez, Apirilaren 2an Durangon Independentziaren alde jaialdi erraldoia antolatzera konprometitzen gara.

Dei egiten diogu euskal gazte orori ekimenarekin bat egin eta independentziaren bidean ekarpena egin dezan, independentzia guztion artean eraikiko badugu, gazte ororen lana ezinbestekoa baitzaigu.

Herri hau askatasunera eramango duen belaunaldia gara, independentziari ateak irekiko dizkion gazte uholdea sortuko duen belaunaldia izango gara. Gu gara geroa...

GaztEHerria,
Euskal Herrian, 2010eko Otsailean