GazteFilm Festen seigarren edizioa egingo da Gasteizen ostiraletik aurrera
GazteFilm Festek, Zinhezbak eta Kalakalabek antolatutako haurrentzako eta gazteentzako zinema-jaialdiak gazteenei zuzendutako berrogei jarduera inguru eskainiko ditu. Proiekzioak Zabalgana gizarte-etxean eta Artiumen egingo dituzte eta, lehen aldiz, zinema-jaialdia Salburuko gizarte-etxera iritsiko da. Tailerrak eta kontzertuak ere izango dira egitarauaren barruan, eta, berritasun gisa, jaialdiko bi asteburuak batez ere hamabi urtez azpiko adin-tartera bideratuko dituzte.
Hiru urte baino gehiagoko neska-mutilei zuzendutako txikien atalak ‘Atzera Begira' ekimena izango du, eta artxibategiko zinema gerturatuko die ikusleei. Gainera, bi film luze ere izango dira, adiskidetasunari eta lankidetzari buruzkoak.
Haurrentzako atalak bi programazio-tarte izango ditu: sei urtetik aurrerakoentzat bat, eta bederatzi urte baino gehiagokoentzat beste bat. Guztira, lau film luze emango dituzte: Mamoru Hosoden Belle animaziozko film japoniarra; Mascha Halberstaden Kurrin filma, jasangarritasunari eta animaliekiko errespetuari buruzkoa; Anthony Rouxen eta Jean-Jacques Denisen Princesse Dragon filma, adiskidetasunari eta elkartasunari buruzkoa; eta Tomm Mooreren eta Ross Stewarten Wolfwalkers film irlandarra. Film laburrak ere izango dira, hala nola Azpimundua, Babesleku eta Cine hecho por niñes.

Cuky Jury izeneko epaimahaia ere sortu dute, hamasei neska-mutilez osatua, eta haiek arduratuko dira lehiaketako programa guztiak ikusteaz eta Film labur onena, Film luze onena eta Neska-mutilek egindako 2022ko film onena aukeratuko dituzte.
Bestelako jardueren artean, bikoizketa-tailerra, ostadar-alfonbra sortzeko tailerra, soinu-bandak sortzeko ikastaroa, interpretazio zinematografikoko tailerra eta zinema hedatuko ikastaroa izango dira. Gainera, azaroaren 25ean, Dumb Boys-en kontzertua izango da eta gazteei zuzendutako Periferikoak film-laburren programa proiektatuko dute.
Herriz herriko proiekzioak eta online jaialdia
Jaialdiaren programazioaren zati bat online izango da ikusgai Filmin plataforman, abenduaren 2tik 9ra bitartean. Bestetik, abenduan zehar, jaialdiko lehiaketako atalaz gozatzeko aukera izango dute Arabako hainbat udalerritan, hala nola Zigoitian, Agurainen eta Laudion. Aurten, gainera, Oioneko Bitartean Jolasean elkarteari esker, GazteFilm Fest Arabar Errioxako bost herritara ere iritsiko da.

