GazteFilm Fest jaialdia ostiraletik aurrera

GazteFilm Fest jaialdia ostiraletik aurrera Haur eta gaztetxoei zuzendutako ehun film baino gehiago eskainiko dituzte azaroaren 28ra bitarte. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gaztefilm-fest-jaialdia-ostiraletik-aurrera/@@download/image/https___cdn.evbuc.com_images_178525989_489036248537_1_original.jpg
2021/11/17

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Haur eta gaztetxoei zuzendutako ehun film baino gehiago eskainiko dituzte azaroaren 28ra bitarte.
GazteFilm Fest jaialdia ostiraletik aurrera

GazteFilm Fest, Gasteizko haur eta gazteentzako zinema jaialdiak bere bosgarren edizioa abiatuko du ostiralean eta munduko hainbat lekutako 100 film baino gehiago proiektatuko dituzte. Identitatea, adiskidetasuna, aktibismo feminista, abortua, zoriontasuna eta beste hainbat gai jorratzen dituzte aukeratutako lanek. 

Bi asteburutan banatuko dute Zinhezba eta Kalakalab elkarteek antolatutako jaialdia: azaroaren 19tik 21era, hiru eta hamabi urte bitarteko umeentzako filmak eskainiko dituzte, eta hilaren 26tik 28ra, berriz, 12 urtetik gorakoei zuzendutakoak. Jaialdiak sei Sail Ofizial izango ditu eta hiru erakustaldi, eta publikoak aukeratuko du, bozen bidez, atal bakoitzeko film luze eta labur onenaren GazteFilm Fest saria. 

Hainbat lantegi ere egiten dituzte haur eta gaztetxoekin. Programazioaren tailerrean, esaterako, ikastetxeek hartzen dute parte eta eurek erabakitzen dute jaialdiaren programazioa. Bikoizketa tailerrean, berriz, jaialdian eskaintzen diren pelikulak bikoizten dituzte. Edizio honetan, gainera, Mugatik Korrespondentzia eta Gira Biran, Zine Zinetikoa lantegiak egingo dituzte; azken honetan 9 eta 13 urte arteko haurrek film labur bat egingo dute jaialdiak irauten duen egunetan.

Urteroko asmoari jarraituz, hiriko hainbat gunetara zabaltzeko ahalegina egingo dute, eta hiriko hainbat gunetan izango dira proiekzioak, hala nola Vital Fundazioa Kulturunea, Montehermoso, Baratza aretoa eta Zabalganako gizarte-etxea. Sarrerek hiru euro balioko dute eta webgunean eskura daitezke, edo emanaldia izango den tokian bertan ordu erdi lehenago.